Kanpaia nahi ez duenak aditu, ez dezala soka mugitu.

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   

Zelestino Arzamendi, Arrasateko mikeletea

Josemari Velez de Mendizabalen artikulua.
 
Orduko argazkiak eta
jatorrizko testua ikusteko

 

 

Ezaguna den moduan, euskal Diputazioek euren talde bereziak sortu zituzten XVIII-aren hondarretan, lurraldeetako ordena eta administrazio publikoari behar bezalako erantzuna emateko Horrela, Araban miñoiak, Bizkaian foru zaintza eta Gipuzkoan mikeleteak ziren talde armatu ofizialak. Karlistadetan –batez ere bigarrenean- armada liberalaren aldeko indar laguntzaileak bihurtu ziren.

Apur bat esan genezake  mikelete eta miñoi izenen gain, izan ere frantziar okupazioaren ondorio zuzena dira, arrotzak, beraz (michel eta mignon hitzetatik, alegia) Baina ez da hori gaurko idazki honen arrazoia eta utz dezagun hurrengo baterako.

Bere sorreratik izan zituzten ohiko betebeharrez aparte, Gipuzkoan mikeleteek1856tik aurrera probintziako ariel edo arbitrioen zaintza eta administrazioa eraman zuten lurraldeko hainbat bidesari-etxetan, eta haiei zegokien kobrantzaren ardura, ordura arte enkante publikoan egin zena. Arrasateko seme bat lan horietan ibili zen XX. mendearen lehen herenean. Zelestino Arzamendi Aranzabal izan zen betebehar horietan ihardun zuen mundrautarra.

San Kristobal baserrian jaio zen Zelestino 1894ko martxoaren 8an. Herriko gazte gehienok bezala, sarrailgintzan aritu zen gazte-gaztea zenetik, Ugarte y Cia. lantegian, geroago Unión Cerrajerara igarotzeko. Baina sarrailari on bat izan beharrean, zeru berrien bila atera zen fabrikatik eta mikelete apuntatu zen mendearen bigarren hamarkadan. Zaintza talde horretan zenbait lan desberdin burutu ostean, Diputazioak Gatzagako lantokiaren ardura eman zion 1924 inguruan eta Antonia Atxa Zubia bere emazte arrasatearrarekin hara aldatu zen bizitzera.  Gipuzkoa eta Arabaren arteko merkantzia-trafikoaren ardura hartu zuen Zelestinok bere gain.

Sei urtez aritu zen Gatzagan, bai errepidez zein trenez igarotzen zen merkatal-jarioaren gaineko zergak bertatik bertara eskuratuz, horrek suposatzen zuen administral-tramite guztiekin. Hori gutxi bailitzan, muga horretatik izan ohi den estraperloa borrokatu behar izan zuen, azken finean talde armatua baitzen mikeletena.  Zelestinok asto baten gainean egiten zituen ibilaldiak, iruzurgileen bila. Eta zeregin horretan 1930ra arte aritu zen, Diputazioak –arrasatearraren lan onaz ohartua- Donostiara aldatu zuen arte.

Donostiako lantokia Diputazioaren Jauregian bertan izan zuen Zelestinok. Eta zeregin berrietan ere jarrera zintzo eta publikoarentzat zabala erakutsi zuen beti. Hiriburuko Antiguo auzoan bizi zen, eta diotenez “Antiguoko San Ignazio” deitzen zuten,  gau eta egun erakutsitako elizkoitasun  eta besteenganako eskuzabaltasunarengatik. Itxura denez, San Ignazioren antza zuen, fisikoan eta bizitza jarreran.

Ez dugu inoiz jakingo San Ignazioren itxura ote zuen, baina bai, bederen, bere anaia Segundorena, Arrasaten bizi zena. Gertatu zen, Segundo aurreneko aldiz Donostiara joan zenean bere anaia bisitatzera, Antiguo auzora iritsi eta etxea zein zen ezin asmatuz, atartez atarte zebilela anaiarena bilatu nahian. Halako batean, bere produktuak espaloian salgai zeuzkan zapatari batek Segundoren ahaleginaz ohartuta, oihu egin zion: “Matía, 32- Lehenengo pisua!” Ez zuen, jakina, inondik ezagutzen, eta ez zion Segundok zapatariari ezertxo ere galdetu behar,  noraezean zebilen gizona Zelestinoren senitartea zela langile hark antzemateko.

Hauxe izan da Zelestino Arzamendiren gaineko oroitzapen txiki bat. Arrasateko San Kristobal baserritik Donostiako Diputazioaren jauregira aldatu zen herritar peto eta xumearena.

 

 


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE