Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
Marian Beitialarrangoitia, Egin-eko kazetari ohia:

“Egin ixtea hilketa bat izan zen”

Estatuak Marian Beitialarrangoitia zentzuratu du euskaldun, kazetari eta (Hernaniko) alkate bezala. Gaur bezalako egun batean, orain 10 urte, bizi izan zuen “Egin” egunkariaren eta Egin Irratiaren itxiera.

450.Egin.itxiera.Beitialarr (id: 6854125)  


Gontzal Landa Herbias / 2008ko uztailak 15, martitzena

 

Marian Beitialarrangoitia Egin Irratiko esatari eta zuzendari izan zen 10 urtez, Garzonek itxiera agindu arte. Gaur egun Hernaniko alkatea da, oztopo guztien gainetik. Eskarmentu handiko pertsona, beraz.

 

Gaur arratsaldean adierazpen askatasunaren aldeko hitzaldia egin du KulturAten. Patxi Gaztelumendik egin ditu aurkezpen-lanak. 

 

Gogora ekarri duenez, “Egin” egunkaria 1977an jaio zen. Bere bizitzan zehar, helburu bat bete egin zuen: ahotsa ematea gizartean ahotsik ez zeukatenei. Hau da, sektore sozial horien bozgorailu izatea.

Egunkari abertzalearen jaiotza oso garrantzitsua izan zen, “Gara-ren sorrera baino inportanteagoa”, Beitialarrangoitiak baloratu duenez. “Etsaia ere inportantzia horretaz konturatu zen, eta etengabe eraso du”, hainbat zenbaki zentzuratuz, egunkariko ordezkariak juridikoki mehatxatuz,…

 

555.Egin.sorrera (id: 7491806)

… eta egunkariko ateak betiko itxiz XXI. mendearen atarian (1999an). Aurretik, baina, PNV-ren partetik erasoak jasan behar izan zituen. Juan Maria Atutxak, Gasteizko Gobernuko Barne sailburu zenean, honela definitu zuen egunkaria: “Kioskoetan egunero eztanda egiten duen 50 gramo amonal”.

Ildo horretan, Beitialarrangoitiak gaurko hitzaldian salatu duenez, PNV-k alfonbra gorria jarri” zion Estatuari, honek “itxiera burutu zezan”. Hernaniko langileek ez zuten itxiera, “hilketa”, hura aurreikusten. “Bagenekien gu itotzen saiatuko zirela, baina ez genuen itxierarik espero”.

1999ko gau hartan 200 langile baino gehiago geratu ziren paroan. “Une haietan ez ginen konturatzen lan gabe geratu ginela. Nik ez nuen kazetaritza ulertzen lanbide bat bezala, baizik eta ikuspuntu militante batetik”.

Proiektu independentista hark markatu egin zituen partaide guztiak: “Nik beti diot Egin Irratikoa naizela, han ikasi nuen lanbidea eta asko zor diot. Beste horrenbeste “Egin” egunkariari, irakurle moduan”.

Ziurtatu duenez, inor ez da damutu bere burua Egin-en zerbitzura jartzeaz, nahiz eta orain horren ondorioz kartzela barruan egon”, Garzonek diseinatutako 18/98 sumariotzarraren ondorioz.

 

590.Egin.Salutregi.atxilotu (id: 8696111)

Beitialarrangoitiak gogoan du irakurleek informazio lokalari estimu handia ziotela. “Egunkariaren orrialde kopurua murriztu behar zenean, lokal sekzioko orriak murrizten ziren. Murrizketa haiek irakurleen kexa ugari eragiten zituzten, sekzio hura hurbilagokoagoa egiten zuelako”.

Baina botere politikoen eta judizialen erasoek eragina izan dute. “Jazarpenak gugan eragin handia izan du, izan beharko lukeena baino gehiago. Hori banekien kazetari nintzenean, eta konfirmatu egin dut alkate izaterakoan”.

Hala ere, (edo hobe esanda) horregatik Beitialarrangoitiak hedabideen aldeko apustua egiten du: Komunikabide herrikoiak behar ditugu herria egiteko, eta Euskal Herriko komunikabideak behar ditugu Euskal Herria eraikitzeko”.

 

590.Egin.Itxiera.protesta (id: 8836764)


Beitialarrangoitia 20 urtez kazetagintzan trebatutako emakumea da, eta argi utzi gura izan du: “Kazetariaren funtzioa informatzea izan behar du, hau da, errealitate guztiak erakustea. Nik printzipio bati heldu izan diot: irakurleari, Ezker Abertzalekoa izan nahiz PP-koa izan, inteligentzia bat suposatzen diot”.

Halere, Hernaniko alkateak salatu egin du hainbat komunikabidek “gezur objektiboak” zabaltzen dituztela gizartean, eta “hori ez da zilegia”.

Beitialarrangoitiak 10 urte egin zituen Euskadi Irratian, eta etapa horretaz ere mintzatu da: “Dezenteko autonomia neukan lanean, baina etiketatuta nengoen, Egin Irratiko zuzendaria izandakoa nintzelako”.


Euskadi Irratiaz adierazi du, guztien baliabideekin egindako irrati publikoa denez (“baita Ezker Abertzaleko herritarren baliabideekin” gogoratu duen bezala), gizarteko sektore guztien ahotsa zabaldu behar duela, eta ez duela PNVren interesen araberako” hedabidea izan behar.

Eskarmentu handiko kazetari honek Interneten ekarpena baloratu du. “Internetek herritarrei gaitasuna ematen die euren informazioa jendartean zabaltzeko”.

 

Are gehiago kontuan hartzen bada herritarrek informazio piloa jasotzen dutela ohiko hedabideetatik, tamaina handiko hedabideetatik. “Komunikabide gehienek mezu oso homogeneoak zabaltzen dituzte, ñabardurak ñabardura”. Zer egin dezake herritarrak informazio zurrunbiloak irentsi ez dezan?

  • Ideia sendoei eustea
  • Mezu homogeneo horrez gain, beste ideia batzuk ere jasotzea

Gainera komunikabide horietako “gehienak boterearen editorialistak bihurtu dira”, eta eragin negatiboa izan dute politikan, adibidez bake prozesu politikoan: “Lehen egunetik prozesua torpedeatu zuten hedabide askok, ez zuten errespetatu”.

Arrasateko alkateak, Ino Galparsorok, jasan zuen presio mediatikoaz ere mintzatu da: Lintxamendu bat jaso zuen. “Egin”-ek hori egin izan balu, askok esango lukete objektiboak markatzen egongo zela”.

Oro har, kazetaritzaz ikuspegi kritikoa dauka Beitialarrangoitiak: “Egun kazetari izateko nahikoa da prentsaurrekoetan notak ondo hartzea eta gero ondo idaztea (edo hobe esanda) ondo kopiatzea. Kazetagintza hori baino gehiago da: Profesionalak berak sortu behar ditu albisteak”.

 


Elkarrizketa: Marian Beitialarrangoitia

 

300.Marian.Beitialarrangoit (id: 9289345)

 

- Estatu espainiarrak zu zentzuratu zaitu kazetari, alkate eta euskaldun moduan.

- Horrek erakusten du sektore jakin baten adierazpen askatasuna desagerrarazi nahi dela. Estrategia orokor eta neurtu bat dago sektore jakin baten bozgorailuak desagerrarazteko.

- Zein da zure egoera juridikoa?

- Kereila bat jarri zidaten Iruñeko Anaitasunean “maite zaituztegu” ospetsua adierazteagatik. Hasieran kausa artxibatu zuten, baina berriro ireki zuten, eta badirudi orain ikertzen ari direla. Hernaniko kale baten aferari dagokionez, ez zuten deliturik ikusi eta agian artxibatuko dute.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE