Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Irunen izango du igoera faseko bigarren geraleku Kanpanzar Arrasatek
Aurreko asteburuan Elorrioren kontra lortutako garaipen erosoaren ostean, Isasiren mutilek partidu gogorragoa izango dute Txingudiren kontra. Hitzordua zapatu arratsaldean (16:00) izango da Plaiaundin, eta zelaiaren belar naturalak ez die mesederik egingo sarrailagileei.

Isei Barbero / Argazkiak:  Artxiboa / 2017ko martxoak 10, ostirala


 

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek igoera faseko bigarren norgehiagoka jokatuko dute asteburu honetan eta, iragan astean Elorrioren kontra lortutako garaipen erosoaren ostean (77-7), oraingo honetan Isasiren mutilek Txingudiri egingo diote bisita.  Hitzordua zapatu arratsaldean (16:00) izango da Plaiaundin, Irunen, eta bertan sarrailagileek fasearen estreinaldi jardunaldian lortutako lidergoa defendatuko dute.

 

Pasa den asteburuan Elorriori Mojategin emandako astinduaren ostean, oso bestelako partidua izango dute Irunen Isasiren mutilek.  Izan ere, Plaiaundin belar naturalarekin egingo dute topo, eta horrek ez dio mesederik egiten talde zuri-moreari.  Joko azkarra eta dinamikoa da Kanpanzar Arrasateren bertute nagusia, eta horretarako Mojategik daukan belar artifiziala –Kanpanzar Arrasate da igoera faseko multzoan ari diren taldeetatik bakarra ezaugarri horietako zelaia daukana- ezin aproposago. 

 

590 (id: 4090135)

San Txisme errugbi zelaian, belar naturalekoa, garaipena erdietsi zuen Kanpanzar Arrasatek Arratikoren kontra. 

 

Irunen, aitzitik, oso bestelako ezaugarriak dituen berdegunea izango dute Isasiren mutilek, non indarrak eta jokalarien pisuak garrantzi gehiago duten.  Hala eta guztiz ere, denboraldi osoan zehar sarrailagileek argi eta garbi utzi dute edozein egoeratara egokitzeko gai direla, eta partiduak nonahi irabazi dituzte, berdegunea naturala zein artifiziala izan.  Gauzak horrela, eta orain arte erakutsitako gogo eta jarrerari eutsiz gero, aukerak egon badaude Irunetik garaipena ekartzeko.

 

Esan bezala, asteburu honetakoa igoera faseko bigarren jardunaldia izango da.  Denboraldiko azken txanpa honetan orotara sei partidu jokatu beharko ditu Kanpanzar Arrasatek, ligaxka joan-etorrikoa baita.  Lehen itzuliko hirugarren eta azken jardunaldian sarrailagileek Uribealdea izango dute bisitari Mojategin;  horren ostean, bigarren itzulia jarriko da martxan eta, bertan, Isasiren mutilek bi partidu  jokatuko dituzte etxetik kanpo.  Ligaxka lidergoan amaitzen duen taldeak Euskal Ligako 1. Mailarako txartela eskuratuko du eta, bigarren sailkatuak, promozioa jokatuko du goiko kategoriako azkenaurreko sailkatuaren kontra.  Esan beharrik ez dago, orain dela pare bat denboraldi egin bezala, Arrasate Errugbi Taldeko seniorren helburu nagusia txapeldun izatea dela.

 

 

Kartelera

 

Aurreko asteburuan bezala, honakoan ere klub zuri-moreko talde guztiek hitzordua izango dute.  Seniorrek bezala, kadete eta infantilek ere zapatuan jokatuko dute, lehenengoek Donostian Atletiko San Sebastianen kontra (11:00) eta bigarrenek Uribealdearen zelaian (11:30).  Bestetik, igandean Errugbi Eskolako neska-mutikoak kostaldera joango dira, Mutrikun izango den topaketan (10:30) parte hartzera, hain justu ere.

 


ASTEBURUKO PARTIDUAK


 

SENIORRAK
Txingudi – Kanpanzar ART Larunbata 11, 16:00etan

 

KADETEAK
At. S. Sebastian – Arrasate/Ordizia Larunbata 11, 11:00etan

 

INFANTILAK
Uribealdea – Kanpanzar ART Larunbata 11, 11:30ean

 

ERRUGBI ESKOLA
Topaketa Mutrikun Igandea 12, 10:30ean

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE