Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Caja Laboral, Fagorreko,... lehendakari aritu zen

Alfonso Gorroñogoitia hil da, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sortzaileetako bat

Arrasatear hau lehenbiziko kooperatibaren (ULGORen) sortzaileetako bat izan zen. Gainera, Caja Laboral Popular, Fagor Taldeko eta Mondragon Taldeko lehendakari bezala lan egin zuen, besteak beste. 94 urtez hil da gaurkoan.

590.Alfonso.Gorroñogoitia.TULANKIDE (id: 5427286)


Argazkia: TUlankide / Testua: mondraberri.eus / 2019ko irailak 6, osteguna

 

 

Alfonso Gorroñogoita Gonzalez Arrasaten jaio zen 1924ko urriaren 25ean. 15 urte zituela, aprendiz hasi zen Union Cerrajeran.

 

Lau urte geroago, Industria-mekanikako Maisu ikasketak osotu zituen. Union Cerrajeran Elektrizitate Saileko ofizial bezala lan egin zuen.

 

1952an Industria-elektrizista Peritu titulua lortu zuen, ikasketak Eskola Politeknikoan eginda. Bere kabuz, azterketa egin zuen Zaragozako Perituen Eskolan.

 

1955ean, Acción Católica-ko beste ikaskideekin batera, eta Jose Maria Arizmendiarrietak bultzaturik, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa garatzen hasi zen. Hala, esperientziaren aitzindarietako bat izan zen, eta berari dedikatu dio bere bizitza profesionala.

 

1959an Talleres Ulgor delakoaren lehendakaritza hartu zuen, eta kargu hori 24 urtetan bete zuen. Ondoren, Caja Laboral Popular erakundearen lehendakaria izendatua izan zen, zeregin hori 1989ra arte betez.

 

Gainera, 1965tik 1989ra Fagor Taldeko lehendakari jardun zuen, baita Mondragon Taldearena 1984tik 1989ra. Gainera, Erkide-ko (Euskadiko Kooperatiben Elkarteko) lehendakaria, CEPAS eta COCETAko partaide eta Iparlat-eko kontseilari.

 

Bere bizitza profesionala luzea eta sakona izan da, eta hainbat aitorpen jaso ditu, besteak beste:

  • ASLEren Ekonomia Sozialeko Txemi Merra saria
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina
  • Juan Pablo II.aren Gran Cruz de la Orden de San Silvestre delakoa

Horrez gain, Arrasateko Juventud Deportiva elkarteko lehendakaria izan zen eta "Proyecto Hombre" egitasmoan hartu zuen parte. Acción Católica-ko batzarraren kide ere izan zen.


Fededun erlijioso handiko pertsona zen, eta sarritan Jose Maria Arizmendiarrietaz galdetuta, azpimarratzen zuen Arizmendiarrieta "apaiza" zela.


Arlo pertsonalean, Alfonso Purita Iturberekin ezkondu zen, eta hiru seme eta alaba bat izan zituzten.

 

Alfonso gaur, irailaren 6an, 94 urterekin Arrasateko bere etxean zendu da. Gogoratzekoa da Jose Maria Ormaechea, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboko beste sortzaile bat, zendu egin zela.

 

Horren ondorioz, Alfonso zen bizirik jarraitzen zuen sortzaile bakarra. Horregatik, bera gaur zendu denean, Miguel Angel Laspiurrek, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteko lehendakariak, adierazi du "ziklo bat amaitu dela". 

   

Laspiurrek, elkarteak oraintsu Gorroñogoitiari eta Ormaecheari egindako omenaldian, azpimarratu zuen "Pertsona batzuek utopietan sinesten dute, eta haientzat doa, eta pertsona batzuek lortzen dute utopietaraino iristea".


TUlankidetik adierazi dute "gizon zintzo, kooperatibista eta langile bezala gogoratuko dugula. Agur eta ohore Alfonso!".

 

Bihar, larunbatean, familiak Arrasateko Tanatorioan herritarrak hartuko ditu 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara, baita igandean 10:30etik 13:00etara eta astelehenean 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era ere.

 

Hileta-elizkizuna astelehenean izango da, arratsaldeko 19:00etan San Joan Bataiatzailea parrokian, goian bego.

 

 

Erlazionatutako albisteak:

 

"Ormaecheak eta Gorroñogoitiak utopia erdietsi zuten Arrasateko esperientzia kooperatiboa martxan jarrita"

2019ko maiatzaren 10ean argitaratutako albistea 

 

Jose Maria Ormaetxea hil da, Esperientzia Kooperatiboaren sortzaileetariko bat

2019ko uztailaren 21ean argitaratutako albistea 

 

 

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE