Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Presoen eskubideen defendatzaile irmoa izan da

Joxepa Arregik, kartzela-politikaren aurkako lehendakaria, itzulera gabeko bidaia hasi du

Bere seme Jesus Mari Zabartek 1973tik jasaten du espainiar kartzela. Horrelako kinka larrien aurrean, Etxerat elkarteko lehendakari ohiak zera esaten zuen: “Gogor!”.

500.Alkat.Ongietorri.Joxepa (id: 6769437)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: MB Artxiboa / 2010eko maiatzak 25, asteartea

Joxepa Arregi Egidazu 1919ko apirilaren 9an jaio zen Musakolako Garratz baserrian, Alberto anai bizkiarekin erditzea konpartituz.

Familian 12 anaia-arreba ziren, eta baserrian guztiontzat lanik ez zegoenez, Joxepa neskame bezala hasi zen lanean 12-13 urte zituenean.

Laster heldu zen 1934ko Urriko Iraultza, eta bere senarra izango zenak, Tomas Zabartek, matxinada hartan parte hartu zuen. Gauzak, baina, ez ziren aurreikusi bezala atera, eta Tomas Asturiasen kartzelaratua izan zen.

Libre geratu ondoren, Tomas eta Joxepa ezkondu egin ziren eta 3 seme-alaba izan zituzten hurrengo 3 urteetan: Jose Alberto, Isabel eta Jesus Mari.

Aitak, baina, ez zuen Jesus Mari txikia ezagutzerik izan, Jesus Mari jaio aurretik hil baitzen. Ondorioz, Joxepa 25 urterekin alargun geratu zen, hiru ume txiki bere kargura eta gerraosteko kinka larrian.

 

450.Jesus.Mari.Zabarte (id: 6826999)

 

Joxepak ez zuen amore eman, noski. Arrasateko beste langile batzuekin elkartu zen eta martxan jarri zuten fundizio bat Ziorlan. Makina bat lan zeukan fabrikan eta etxean.

1969an Jesus Mari semea Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen, errefuxiatu politiko. Joxeparen bizitza goitik behera aldatu zen ordutik. Asteburuetan edota ahal zuenean, Jesus Marirengana zihoan janaria, edatekoak, arropa,… eramatera hiruzpalau urtez jarraian.

1973an Jesus Mari larriki zauritua izan zen Bilboko tiroketa batean. Ordutik aurrera kartzela: Burgosen, Santoñan, Carabanchelen, Basaurin, Madriden… Kartzela barruko erregimena latza zen. Jesus Mari 8 hilabete uzten zuten inkomunikatuta.

1977-ko amnistia orokorrarekin libre geratu zen, eta egunerokotasun normal batera itzuli zen. Baina 1979an argitu ez den gertaera bat jaso zen: Bere familiak adierazi duenez, poliziak ahalegindu ziren Jesus Mari hiltzen:

Jesus Marik doberman bat zeukan, eta behin berarekin zihoan Munarretik. Polizia gaueko iluntasunean, enboskada bat jarri omen zion arrasatearrari. Tiroa, baina, doberman-ak jaso zuen eta hil egin zen. Jesus Mari berriro kartzelara.

 

500.Preso.Peker.ongiet.Aurr (id: 6958134)

 

Espetxean urtebete egin ondoren, aske geratu zen baina 1984-ko ekainaren 15ean poliziek bere bi kide hil zituzten Hernanin, eta bizirik irten zen bakarra Jesus Mari izan zen.

Hasieran Madrilen espetxeratu zuten, baina gero Almeriara urrundu zuten, eta handik gutxira urrunago: Afrikar kontinentera, Ceutako kartzela zaharrera. Bere seme gazteena ikusteko, Joxepak ondorengoa egin behar izaten zuen semea bisitatzeko:

Ostiral eguerdiko 15:00retan trena Zumarragan hartu, hain justu, Paristik zetorren “ilargi erdiaren trena” delakoa, arabiarrez beteta etortzen baitzen. Trenean lo egiten saiatzen zen, eta Algeciras-era larunbat goizeko 9:00etan heltzen zen.

Gero barkua hartu behar zuen eta Gibraltarreko itsasartea barkuz zeharkatu, espetxeraino heltzeko. Larunbat arratsaldean bisita egin ostean, Penintsula behetik gora zeharkatzen zuen berriro. Zumarragara igandeko 16:00retan heltzen zen. Funtsean, 48 orduko bidaia ia etengabea.

Jesus Mari gehiago urrundu zuten, Salto del Negro-ko kartzelara, Kanariar Uharteetan. Zeldan ez zegoen leihorik, eta bere ordez zulotxoz betetako xafla metaliko bat zegoen. Zelda lurrazpian zegoen.

 

590.Joxepa.Arregi.Manifa (id: 7212207)

 

Kartzeleroek zortzi hilabete zeukaten inkomunikatuta arrasatearra. Senide eta lagunen bisitak murriztu zizkioten. Zazpi urte egin zituen han Jesus Marik. Bizpahiru gose greba luze egin zituen. Gero Huelvako espetxera eraman zuten, eta azken 10 urteetan bertan izan dute.

Duela gutxi, bere ama larriki gaixo zegoela jakiterakoan, Jesus Marik gauza bat egin du inoiz egina ez zuena: Eskatu du amari bisitatzeko, amari agur esateko, baimen bat kartzelako gizarte-laguntzaileari. Aldi berean, familiak txosten mediku bat lortu du eta abokatuek Madrilen aurkeztu dute.

175.Kriseilu (id: 7735179)Jesus Marik argiki adierazia zuen: Bera Arrasatera etorriko zen ama bizirik bazegoen, gura ziolako pertsonalki esker ona adieraztea. Gura zion amak bizitza osoan emandako guztia zelanbait itzuli.

Duela gutxi preso arrasatearra Jaengo kartzelara trasladatu dute, eta bertan dago orain.


Joxepa Arregi Egidazu bere bizitza eman du bere semearen alde, baita beste euskal preso politikoen alde ere.


Jesus Mari atxilotu zutenean, Joxepa errealitate bat ezagutzen eta logika bat barneratzen hasi zen. Buru-belarri sartu zen preso politikoen eskubideen aldeko borrokan.

Borroka horren ikur ere bihurtu da urteen joan-etorriarekin. Ahal izan duen guzti-guztietan parte hartu du enkartelada, kontzentrazioa, manifestazio eta bestelako ekintzetan. Jendearen errekonozimendua jaso du, eta Etxerat elkarteko lehendakari izendatu zuten.

Handia izan da preso politikoen alde egin duena – adierazi du bere familiako Felix Arriaran Arregik – , 24 orduko martxa zeramala zirudien. Eta gainera inplikatuta zegoen bere bizitzako alor guztietan”. 

 

Joxepaz harro nagokonpartitu du Felixek –, eta bera ezagutu dutenek bere balioa errekonozitzen dute, berarekin txarrera egotea oso zaila zen. Baliteke batzuk berarekin ados ez egotea gauza batzuetan, baina berarekin txarrera egotea oso zaila zen. Izaera handiko pertsona zen, baina aldi berean sentibera”.

 

590.Bihotza (id: 7328689)

 

Bihar (asteazkena) hileta-elizkizuna egingo da bere alde arratsaldeko 19:00etan Santa Teresako elizan, Arrasateko Musakola auzoan. Ondoren, omenaldi zibil bat egingo diote arrasatearrek eta Euskal Herriko beste lekutatik etorriko diren euskaldunek.

Felixek aipatu digu Martin Garitano kazetariak Info-7 irratian adierazi duena: Historiak ez ditu gogoan izango Joxepa bezalako pertsonak, baina ezingo zen Euskal Herriaren Historia idatzi Joxepa bezalako pertsonarik gabe. Borrokak aurrera egiteko, Herri baten bultzada behar du, Joxepa bezalako pertsonen bultzada.

Hainbeste sufrimendu eta borroka ostean, 91 urteko pertsona honen bihotza isilduz joan da. Baina oraindik ozenki entzuten da bere oihartzuna, hain justu, Joxepak esaten zuena eta bere bizitza laburbildu dezakeena: “Gogor!”.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE