Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua: Yolanda Perez de Arenaza Sogorb]

Pintadek esan ohi dute paperek isiltzen dutena

Arrasateko herri osoari aitortu nahi diot, nire anaia zen Xabier Perez de Arenaza Sogorb bihotz-bihotzez maite dudala. Maite nuen bizirik zegoenean eta orain ere maite dut. Eta nire maitasunak, bizirik nagoen bitartean iraungo du.
500.Yolanda.Perez.de.Arenaza (id: 5716536)
Testua: Yolanda Perez de Arenaza Sogorb / Argazkia: Yolanda-Mondraberrin eraldatua / 2019ko urriak 2, asteazkena

 

Arrasateko herri osoari aitortu nahi diot, nire anaia zen Xabier Perez de Arenaza Sogorb bihotz-bihotzez maite dudala. Maite nuen bizirik zegoenean eta orain ere maite dut. Eta nire maitasunak, bizirik nagoen bitartean iraungo du.
Kaletik noanean eta bere aurpegia horma batean margotuta ikusten dudanean, nire sentimenduak gazi-gozoak dira.
Alde batetik tristura sentitzen dut bera gure artean ez dagoelako. Eta burura etortzen zaizkit bere heriotzaren inguruko oroitzapen krudel pila bat. Adibidez, bere gorpua Iparraldetik ekartzerakoan, bidean uniforme ezberdinetako poliziak gu iraintzen eta min gehiago ematen saiatu ziren. Baina ezinezkoa zen. Inpunitate osoarekin eta estatuen babesarekin maite dugun senitarteko bat hiltzen dutenean nahikoa min egin dute jada. Honekin batera, poliziek  herritarrek guri adierazitako maitasuna eta elkartasuna galarazi nahi izan zuten, hurbiltzen zitzaizkigun guztiak jipoituz. Hainbat pertsona ospitaleratuak izan ziren karga polizialen ondoren. Gaur egun, oraindik ere, gugana berotasuna ematera hurbiltzen ausartu zirenei eskertuta sentitzen naiz.
Arrasateko hormetan hildakoen aurpegiak margotuta agertzen direnean, eta hauei beste garbiketa batzuen aurretik, desagerrarazteko lehentasun osoa ematen zaienean, gurekiko elkartasuna berriro galarazi dela sentitzen dut.
Ez daukat zalantzarik hormetan egiten diren pintadak izanda denborarekin garbitu egin behar direla. Baina injustizia baten salaketa ere badira. Herriari inpunitatean jarraitzen duten pertsonen heriotzak direla adierazten diote.
Hain premia handiarekin pintada horiek kentzeko agindua ematen denean, argi dago borondatea ez dela kaleak garbi edukitzea, ahots horiek isilaraztea baizik. Eta salatzen dituzten ahotsak isilarazten direnean, erailketa horiek inpunitatean gelditzeko lehenengo urratsa ematen da.
Pintada horretako aurpegi bakoitzaren heriotzaren atzean, historia ezberdin bat dago, eta kasu guztietan errepresioarekin lotutako historiak dira. Batzuk Francoren erregimenaren garaian eta beste batzuk ostean.
Nire anaia hil zutenetik gaur arte, nik behintzat ia egunero gogoratzen dut, eta ziur nago horman zeuden beste hildako guztien senitartekoek ere, nire antzera egiten dutela.
Beste herritar batzuk eurekin  gogoratzeak ere poztu egiten nau. Baina pintadak kentzeko agindua ematen denean  (bistan 24 ordu ere utzi gabe), aginduaren ostean gure senitartekoak ahaztuak izatearen borondatea dagoela pentsatzen dut. 
Gure udal ordezkari batzuk “Debagoienean errepresio frankista jasan zutenei” omenaldi batean ikusten ditudanean, sinetsi nahi dut bihotzez ari direla. Baina hurrengo egunean, errepresio berdina jasan duten beste hildako batzuk gogoratzen direnean, euren erantzuna ikusteak, egia eta justizia eskatzearen bidetik oso urrun daudela pentsarazten dit.
Beti bezala, aurrerantzean ere egia, justizia eta erreparazioa lortzeko herriak lan guztia egin beharko du, eta eurak argazkirako bakarrik agertuko dira.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE