Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
DAN ORTINEZ- “La lluita a la motxila” dokumentalaren zuzendaria
“Internazionalismoaz gain, generoari ere erreparatzen diogu dokumental honetan”
Gaztetxean aurkeztu zuen atzo Dan Ortinezek “La lluita a la motxila” dokumentala. Berak dioen moduan, “beste herrialde batera joan eta kausa justu baten alde borroka egiteagatik, guztia utzi zuten emakumeen istorioa”. Berekin egin dugu berba lan honen gainean.

595 (id: 3383839)

 

K.C.- 2012/11/02

 

Dan Ortinez eta AIXINA ekoiztetxea osatzen duten bere adiskideak Arrasaten izan dira "La lluita a la motxila" dokumentala aurkezten. Hain zuzen ere, atzo, eguena, izan ziren gaztetxean eta gu, lehentxeago, Dan Ortinez dokumentalaren zuzendariarekin berba egin genuen bere lanaren gainean. Dokumental honetan, El Salvadorrera mediku lanetan laguntzera joandako Elisenda, Begoña eta Martaren istorioa kontatzen du. Hango egonaldian, FMLNrekin batera borrokan murgildu ziren hiru emakume katalan eta euskaldunak. Askapenak gonbidatu ditu Arrasatera, dokumentalaren aurkezpena egitera.

AIXINA da zuen ekoiztetxea eta modu honetan lortu duzue La lluita a la motxila dokumentala egitea. Nola finantzatu da lana?

Bai. AIXINA ekoizpen etxea lagun batzuek eta nik osatzen dugu eta ikus-entzunezko proiektu ezberdinak egiten ditugu.La lluita a la motxila dokumentala finantzatzeko orduan, alde batetik, Igualadako Udalak laguntza eskaini digu. Gainera, El Salvadorrekin batera izan dugun ikus-entzunezko elkarlaguntza proiektu batetik ere lortu dugu dokumentala egiteko dirua. Joan den udan El Salvadorren egon ginen, gazteekin ikus-entzunezko tailerrak egiten. Bideo kamera bat erabiltzen irakatsi genien, ikus-entzunezko produktuen kontsumitzaile soilak izan ez daitezen. Beren sormena landu eta nahi dituzten lanak egin ahal izatea zen gure asmoa. Hala, dokumental hau osatzen duten elkarrizketa gehienak, El Salvadorreko gazteen laguntzarekin egin ditugu.

Joan den astean aurkeztu zenuen La lluita a la motxila lana Katalunian. Nolako harrera izan du lanak?

Igualadan, nire herrian, egin genuen aurkezpena, izan ere, bertako Udalaren bitartez finantzatu da La lluita a la motxila lana. Harrera oso ona izan zen. Egia esan, gure herrian ezjakintasun handia dago El Salvadorreko egoeraren gainean eta lan honekin, bertako errealitatea hurbildu eta ezagutarazi genien.

Dokumental honek El Salvadorrera mediku lanetan laguntzera joan eta azkenean, FMLNrekin batera borrokatu ziren hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Nola iritsi zen istorio hau zugana?

17 urte geneuzkanean, El Salvadorrera joan ginen, baina ez genuen bertako historiaren gainean asko ezagutzen. Bertan izan ginenean, baina, herrialde honen historia ezagutzen hasi eta herritarrek urteak atzera botata gertatutakoa kontatu ziguten. Borroka, errepresioa eta entzundako guztiak asko hunkitu gintuen. Hurrengo egun batean, kasualitatez, museo batera joan ginen eta bertan ikusi genuen emakume katalan bat, bi emakume euskaldun eta Pakito Arriaranekin batera, El Salvadorren izan zela borrokan. Orduan, Kataluniara itzuli ginenean, ikertzen eta hariari tiraka hasi ginen. Geroago, El Salvadorrera itzuli ginen informazioa osatu eta La lluita a la motxila dokumentala egiteko ideiarekin.

Nolakoa izan zen dokumentazio lana?

El Salvadorren erakunde oso gutxi daude memoria historikoa gordetzen dutenak. Artxiboak arakatzen izan ginen, baina oso konplikatua zen datu zehatzak lortzea eta informazioan sakontzea. El Salvadorreko museo batek artxiboko materiala eman zigun, baina horrez gain, egon egoterakoan eta kasualitatez, Elisenda, Begoña eta Marta ezagutu zituzten herritarrekin egin genuen topo. Bestalde, Askapenaren bitartez geneuzkan kontaktuak zeuden eta hauek ere oso lagungarriak izan zitzaizkigun informazioa biltzeko. Askapena Euskal Herria, Katalunia eta El Salvadorren arteko lotunea izan da asko eskertzen dugu, oso lagungarria izan baitzaigu.

Nola laburbilduko zenuke La lluita a la motxila dokumentala?

 

Hiru emakumeren gaineko istorioa da, beste herrialde batera joan eta kausa justu baten alde borroka egiteagatik, guztia utzi zutenak. Hiru emakume hauen istorioaren bitartez, El Salvadorreko historia eta gatazka ezagutzen ditu ikusleak.

Internazionalismoaren ikuspegia agerikoa da dokumental honetan, ez?

Bai, eta internazionalismoaz gain, generoari ere erreparatzen diogu. Izan ere, ausardia, adorea… gizonezkoekin lotzen da beti eta hauek, bertan izan ziren hiru emakume dira. Horregatik bildu ditugu dokumentalean hiru emakume hauek. Pakito, nahiz eta sentimentalki dokumental honetan dagoen eta hiru emakume hauekin bat egin zuen, ez dugu dokumentalean agertu.

Nolakoa izan zen grabaketa prozesua?

El Salvadorren grabatu genuen dokumentala. Gehien bat, Nueva Esperanza komunitatean egon ginen eta bertan, FMLNko aberriratuak eta gerrillari ohiak zeuden. Hala, jende honekin eta aurretik geneuzkan kontaktuekin, elkarrizketak egiten hasi ginen. Gainera, Begoña, Marta eta Elisenda ezagutu zituztenekin egin genuen berba. Beste alde onena, bakarrik egon beharrean gaztetxo talde batekin egon nintzela izan zen. Hauek kamera batekin zeukaten lehenengo kontaktua izango zen eta internet bidez, eurek adierazteko daukaten gaitasuna erakutsi gura izan genien.

La lluita a la motxila dokumentala osatzeko El Salvadorren gaineko historian murgildu behar izan zara.

Bai. Hasiera batean, El Salvadorrera joan ginen lehenengo aldian, adibidez, nahiko ezjakintasun handia neukan bertako historiaren gainean. Bidaiak, jendearekin izandako harremanak eta ikasitakoa asko eta ederrak izan dira. Niri, modu pertsonalean, ikasteko asko balio izan dit lan honek, baita hainbat gauzak  zalantzan jartzen ikasteko ere. Askotan, kanpotik ikusita, gauzak idealizatu egiten ditugu, baita borrokak ere. Baina gertutik ezagutzerakoan, konturatzen gara dauden kontraesanez eta nahaspilez eta kontzienteago gara horrena.

Asteburu honetan, Euskal Herriko beste txoko batzuk bisitatuko dituzu La lluita a la motxila dokumentala aurkezteko. Non emango dituzu aurkezpenak? 

Domekara arte egongo gara Euskal Herrian, Bilbo eta Aizarotzen aurkeztuko dugu dokumentala. Gero, beste aurkezpen batzuk egingo ditugu, tartean, Garesen, Begoñaren herrian.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE