Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko Etxeraten deialdia Azken Ostiralean:

“Bilboko biharko manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu”

Larri gaixo dauden preso politikoen aldeko mobilizazioa izango da biharkoa. Bide honetan ere, abenduaren 10ean Zapi-Kateak ekimena kalera aterako da Baionan, Iruñean eta Gasteizen.

595.Azken.Ostiral.14-11 (id: 3696864)


Testua: MB / Argazkia: G.L.H. / 2014ko azaroak 28, ostirala

 

Azaroari dagokion Azken Ostirala egin da gaur arratsaldean Herriko plazan, eta ondoko adierazpena irakurri da:

 

“Aitzol Gogortzaren larriki eri dagoen euskal preso politikoaren  ospitalizazioarekin hasi genuen. Bat batean, eta aurretik zituen gaitzekin zerikusi zuzenik izan ez arren, biriketako tronboenbolismo bat izan zuen oreretarrak. Pneumonia bat zirudiena, biriketako tronboenbolismo bat zen. Horren ondorioz, hainbat egun eman behar izan zituen ospitalean eta gero;  gero berriz espetxeratua izan zen. Nola da posible? Zer gertatu behar da Aitzol eta larriki gaixo diren euskal preso politikoak etxera lehenbailehen eta baldintzarik gabe bidali ditzaten? Non daude euren Giza Eskubideak? Non Osasun Eskubidea?”.

 

“Baina ez da Aitzolena izan larriki eri dauden presoenganako eraso bakarra. Ibon Iparragirre, HIESA C estadioan eta buruko gaitzak dituen Ondarruko euskal preso politikoa … espetxez aldatu dute! Ibonen gaixotasuna duen pertsona batek egonkortasuna behar du. Ibon etxean behar du, bere osasunak horrela eskatzen duelako eta, kalean egoteko eskubide osoa duelako. Ba hori horrela izanda ere, Ibon ez dute kaleratu; Ibon, gehiago ezegonkortzeko, espetxez aldatu dute.  Honegatik guztiagatik, Etxeratetik bihar Bilbon ospatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dizuegu; larriki gaixo dauden euskal preso politikoak behingoz aske utzi dezaten”.

 

“Bitartean, espetxean ditugun gure senide eta lagunek, beste urrats bat eman dute dispertsioarekin amaitzeko. Eskubide urratuak salatzeko kexak bideratuko dituzte Auzitegira”.

 

“Ondoegi ezagutzen ditugu espainiar eta frantziar estatuetako gasolindegi, herri galdu eta errepide bazterretako tabernak. 25 urte baino gehiago daramatzagu gure senide eta lagunak eraman dituzten tokietaraino bidaiatzen, euria, elurra eta izotzari aurre eginez. 25 urte baino gehiago, gure eskubideak, sistematikoki urratzen direla, asteburuz asteburu. Gureak, baita, nola ez, gure senideenak. 25 urte hauetan, 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Ehunka zauritu,  jazotako istripuetan. Aitortzarik inoiz izan ez duten biktimak. Aurten bakarrik, hamar izan dira dispertsioak eragin dituen istripuak”.

“Herri txikia gara eta milaka lagun izan dira atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak. Gizartearen ehuneko handi batek dispertsioa zuzenean bizi izan du. Eta milaka gara, oraindik ere, giza eskubide urraketa honen menpe bizi garenak. Testuinguru politiko berri honetan, egun, zuzeneko biolentzia eta erasoa pairatzen ari garen bakarrak alegia. Horregatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Oso garrantzitsua giza eskubideen urraketa batekin amaitzera bideratua dagoelako”.

 

“Eta honegatik ere da hain garrantzitsua abenduaren 10erako, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunerako deitu ditugun Dispertsioaren kontrako Zapi Kateetan parte hartzea”.

 

“Abenduaren 10ean Zapi Kateak osatuko ditugu Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Herri honetan ematen diren Giza Eskubideen urraketak salatzeko, ezagutarazteko, kalean islatzeko. Etxeraten bereizgarria den zapia heltzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritar oro. Giza eskubideen urraketen aurka dagoen orok zita bat du Gasteizen, Bilbon edo Baionan egingo diren Zapi Kate berezi hauetan. Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak; sortu ditzagun, guztion artean, giza eskubide guztien aldeko zapi kateak. Elkartasunaren kateak.  Salaketa eta konpromisoaren kateak. DISPERTSIOAREN AURKAKO ZAPI-KATEAK…”.

 

“Esan bezala, hiru deialdi luzatu nahi ditugu.

 

Baionan, Renne Cassin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren karta-ren egilea jaio zen etxetik, Baionako Herriko Etxera osatuko dugu zapi katea, arratsaldeko  18.30ean.

 

Iruñean, Legebiltzarrean, goizeko 12.00etan.

 

Gasteizkoa izango da zapi katerik luzeena. Fray Francisco de Vitoria pasealekuan dagoen Espainiako Gobernuko Delegaritzaren aurretik hasi, Ajuria Enea aurretik igaro eta EAEko Legebiltzarreraino iritsiko baita zapi katea.

 

Bihar Bilbon eta abenduaren 10ean, bai ala bai, ZAPI KATEETAN!!

 

Eskerrik asko!”

 


Sare herritarra Twitterren

Sare.eus



EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE