Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Umeendako ur-txorronten parkera adibidez

2019ko udal-aurrekontuak, %3 altuagoak, proiektu ugaritan aplikatuko dira

Udalbatzak onartu ditu 33.379.340 euroko udal-aurrekontua, baita Iturbide egoitzakoa ere (1.772.360 euro).

595.Santa.Barbara.2018 (id: 5356031)


Testua eta argazkia: mondraberri.eus / 2018ko abenduak 14, ostirala


Osoko Bilkurak onartu du Udal-gobernuko taldeen (EAJ-PNV eta PSE) aldeko botoekin, eta oposizioko taldeen (EH Bildu, Baleike eta Irabazi) aurkako bozkekin.


Udal-aurrekontuak 33.379.340 eurokoak izango dira 2019an, hau da, aurtengoak baino %3'51 altuagoak. Iturbideko aurrekontuei dagokienean, %48'52 jaitsi dira, Arrasateko egoitza 2019ko erdialdean Kabian sartuko baita.


Udalak azaldu duenez, Aurrekontua finantza administraziorako lan tresna bat da, oinarri duena urtean zehar zein proiektu egin planifikatzeko eta zein lerro estrategiko jorratu behar diren gauzatzeko erabiltzen dena.


2019ko aurrekontuak, legealdi amaierakoak dira eta "hortaz, legealdi hasieran abiatutako hainbat proiektu estrategiko itxi edo borobiltzeko balioko dute, baina baita ere Udalak dituen lerro estrategikoekin jarraitzeko".


Egitasmoetako bat Juan Arzamendi Musika Etxearen birgaitzea da, "zeinak 2019ko aurrekontuak jaso beharko du birgaitzearen exekuzioa amaitzeko behar den errekurtso kopurua".


Kulturola egitasmoa aldiz, "ez da 2019 urteko ekitaldian amaituko, baina errekurtsoak bideratu dira eraikin honetako birgaitze lanek izango duten kostua ehuneko garrantzitsu batean estalita lagatzeko".  


Beraz, bi egitasmo horietara diru ugari bideratu dira, eta Udal-gobernuak onartu duenez, beste sail batzuetako proiektuekin "jokaera kontserbadoreagoa" izan duela.


Legealdialdian gehiago zorpetzea saihestu da: "2019ko ekitaldian Udalaren zorra guztiz kitatuko da, horretarako 316.456,75 euro bideratuz".  Ondorioz, legealdi amaieran Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa "ezin hobea" izango da,  eta ahalbidetuko du hurrengo legealdiko gobernu taldeak "eskuak libre" izatea.


Gobernu Taldearen hitzetan, "zuhurtasunak aurrekontu errealista eta arrazoizko batzuk" planteatzera eramaten dute.


2019ko aurrekontua %3'5 igo da 2018koarekin alderatuta, eta egoera nabarmena Foru Fondoaren aurreikuspenetik etorri da.


Pertsonal gastuen igoeraren aurreikuspena nabarmena izan da, %4'36ko igoera. Horrek eragin du Foru Fondotik eratorritako eta 2019ko Udalaren aurrekontuak jasan duen errekurtso igoera pertsonal gastuen kapituluak eta zerbitzuen mantentze kapituluak "irentsi duela". 

 
2019ko aurrekontuen zati bat, aurten ere, parte-hartzailea izango da. Aurten 250.000 euro bideratu zituen, eta 2019rako ez du igoko, 250.000 eurotan utziz.


Beste kontu sail batekin 10.000 euro aurreikusi ditu prozesu partehartzaileak egiten jarraitzeko.

 

 

Egitasmoak


Gizarte-ongizatea:


2019ko aurrekontuak herritarren ongizateari dagozkion helburuei "lehentasuna ematen jarraituko du". Horrela, gizarte ongizateko prestazioak mantentzeaz gain, kontu sail orokorrak %2,62 igoera izan du, guztira 2.410.243,33 euroko aurrekontua izanik.  


Programa batzuk indartu egin dira eta beste batzuk sortu. Esaterako, bazterkeria egoeran dauden umeen identifikatze goiztiarra egiteko programa lehengo urtean 40.000 eurotan indartu bazen, 2019ko aurrekontuetan beste 20.000 eurotan indartu da kontu saila, guztira 280.000 euro bideratuz.


Arrasaten, eguneko zentro bat irekitzea proposatzen da, dependentzia baxua duten pertsonentzat bideratua. Garibai kaleko 1 zenbakian dagoen lokalean kokatzekoa da, Iturbide egoitzaren alboan. Horretarako 25.000 euroko kontu saila egokitu da, proiektuaren idazketa eta exekuzioarekin hastea ahalbideratuko duena.


Droga-mendekotasunarekin lotutako prebentzio ekintzak medio, 10.000 eurotan indartu da kontu saila (guztira 40.000 €) eta Udal-gobernuak azpimarratu du, "San Juan de Dios ospitalearekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean esparru honetan aurrera eramaten ari den ekimena".


Bestetik, Arrasateko diagnosi bat egiteko lan bat ere abian da Kalexka elkartearekin batera gure herrian drogaren kontsumoen informazioa izan eta, arrisku kontsumoen ikerketa, alegia.


Bestalde Etxez etxeko zerbitzuaren kontu saila 54.000 eurotan handitu da (454.000 € denera) langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena ahalbideratzeko eta esparru honetan zerbitzuak gehitzeko.


Enplegua:


Enpleguaren sailak 1.129.358,50 euroko aurrekontua dauka.  Arrasatera ezarpen ekonomiko berriak erakartzeko ekintzak ahalbidetzeko 10.000 euro bideratu dira eta aktibitateak, foroak eta lan azokak gauzatzeko 30.000 euro.


Lehengo urtean Gaztelan izeneko programa jarri zen martxan baina ez zen lortu erakargarria izan eta pertsona kopuru minimoa egotea programa abian jartzeko. Horregatik,  2019ko ekitaldira begira LanBai proiektua jarri nahi da martxan, eta horretarako 106.440 euro bideratu dira.


"Lanbiderekin eskumen inguruko gatazka medio, ezin denez gazteentzat beka programa argitaratu, beste formatu baten baitan, gazteei lan merkatuan sartzen lagundu ahal izateko Ikasketa amaierako proiektuak eta lanpostuetarako behar den prestakuntzaren inguruan sortutako programa mantentzen da (70.000 €), baita ere enpresa berriak sortzen laguntzekoi fondoa (35.000 euro) edota langabetuen formakuntza gastuetarako laguntza programa (30.000 euro).


Gainera, langabetuak kontratatzeko laguntza 160.250 eurotako errekurtsoak izango ditu. Jarraituko da kolaborazio "publiko-pribatuan" lan egiten, eta Gureak taldeari bideratuta 9.000 euroko laguntza zuzenduko da, Pausoak izeneko programa ahalbideratzeko.


Inbertsioak eta Mugikortasuna:


Inbertsioek erakusten dute zer proiektu "estrategiko" egingo diren legealdian, izan ere, kontu sail gehienak urte anitzekoak  izan ohi dira .  


Hala, Mugikortasunari lotuta, 100.000 euroko kontu saila bideratu da Erguingo igogailuaren proiektua exekutatzen hasteko, nahiz eta proiektuak bere osotasunean izango duen kostua 1.000.000 eurotik gorakoa den. Auzora igotzeko irisgarritasuna helburu duen proiektua izanik, "estrategikoa da", izan ere ahalbideratuko du "herritarrek autoaren gainetik aukera jasangarriago bat izatea".  


Makatzenako igogailua amaitu ondoren, Erguingo igogailua da Udalak Mugikortasun Planaren baitan exekutatuko duen hurrengo igogailua. Aipatzekoa da gainera 2019ko aurrekontu partehartzaileen prozesuan bozken bitartez bigarren geratu zen proiektua dela.


Era berean, eta Mugikortasun plan berriaren baitan, bidegorriaren jarraipenak ere garrantzia du eta honenbestez, Araba etorbideko proiektua gauzatzeko 200.000 euroko kontu saila jaso da. "Herriko sarrera nagusietako bat izanik, estrategikotzat jotzen da bidegorria saretu, espaloia handitu eta egun espaloi gainean dauden kotxeen aparkalekuak modu egoki batean bideratzea".


Aurrekontuak badu "100.000 euroko" kontu saila Zigarrolako Gipuzkoako etorbideko espaloien berritze lanak aurrera eramateko. Proiektuak Gipuzkoa etorbidea hartzen du bere osotasunean eta faseka egingo da. Bigarren fasea exekutatu ahal izateko jaso da aipaturiko kontu saila.


Urbanizatze proiektuei dagokienez 2019ko aurrekontuan jaso dira Udala Goikoa urbanizatzeko proiektua (22.000 euro) eta Hondarribi kalea urbanizatzeko proiektua (48.000 euro).


Gainera Santa Teresa Agerre kaleen atzealdean ezponda egonkortzeko lanak egingo dira segurtasuna areagotzeko helburuarekin (200.000 euro).

 
Jarraituko da auzoetan haur parkeak hobetzen eta 125.000 euroko kontu saila gorde da Santa Barbaren ur parke bat egiteko. Kaleen asfaltatuak konpontzeko 200.000 euroko kontu saila sortu da.


Ondare publikoa berreskuratze aldera Barrenatxoko teilatua konpontzeko 40.000 euro bideratu dira.


Euskara:


Euskarari dagokionean, 2017an hasi zen Udala euskara eragileekin batera Kluster Soziolinguistikoaren laguntzarekin hizkuntza aktibazioaren inguruan lanketa bat egiten.
Euskalgintza soziala eta instituzionala apalaldian murgildua zegoenaren sentsazioa jaso zen eragileekin egindako bileran. Hortik abiatuta, herrietan euskararen erabilera sustatzeko hausnarketa prozesu bat martxan jartzea erabaki zen.


"Hautsak astindu eta estrukturak aldatzeko beharra ikusirik, modu eraginkor eta aktiboago batean lan egiteko moduak aztertzea egoki ikusi zen eta horretarako beharrezkoa da herri mailan elkarrekin jarduteko moduak aztertzea eta probatzea, lan egiteko modu berriak eraikitzea, gakoak identifikatzea eta metodologia sortzea". Prozesu honetatik eratorritako ekintzei bide emateko 6.000 euroko kontu saila mantentzen da.


Horrez gain, Kulturolaren proiekturen exekuzioa esleitu eta haren exekuzioa hasiko da 2019ko ekitaldian. Udal euskaltegiak lokal egoki baten eskariari erantzungo dion egoitza berria izango du Euskal Kultura ardatz duten beste eragileekin batera.


"Barne funtzionamendura begira, barne antolamendu berriaren ebaluazio egin da, bai antolaketa berriaren estrukturan parte hartu duten euskaltegiko bi langileekin baita ere euskara saileko arduradunarekin".


Balorazioa "positiboa izan da izan ere, euskaltegiko langile profesional eta kualifikatuak lagunduta, sinergiak sortzea ekarri du hainbat esparruetan, emaitza positiboak eta hobekuntza nabarmenak lortuz".


Halaber, euskal komunikabideak diruz laguntzen jarraituko du Udalak. Goiena prentsa eta telebistarako 165.703 euroko kontu saila bideratu du, eta Arrasate Irratirako beste 30.000 eurokoa. Mondraberri egunkari digitalak 30.000 euroko kontu saila dauka.


Era berean, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin sinatutako hitzarmenari bide emateko 44.345 euroko kontu sail bat gauzatu da, zeinak Jokin Zaitegi beka barne. Euskarako ekintzak gauzatzeko 25.000 euroko kontu sail bat bideratu da, eta euskarazko diru-laguntzak emateko 88.374 euroko kontu saila.


Aipatzekoa da Euskara sailari bideratzen den aurrekontua miloi eurotik gorakoa dela, 1.202.972,32 € alegia.


Berdintasuna:


Berdintasuna izan da igoera nabarmena izan duen kapitulua, %28'82koa. "Kontu sailen izenak gaurkotu beharra zegoen, emakumearen ordez berdintasuna kontzeptu bezala erabiliaz, izan ere, berdintasun politikak gizarte osoarentzat diseinatzen dira eta ez emakumeentzat soilik".


Zehar-lerrozkotasunaren logikaren baitan "berdintasuna bultzatzeko gizartean pentsatzea ezinbestekoa da, helburua izanik gizartea estrukturalki eraldatzea eta  aukera berdintasuna bermatzea".


Osoko Bilkurak 2018ko ekainaren 5ean onartu zuen mozio bat zeinak eskatzen zuen Udaleko sail guztietan berdintasun politiken inguruko formazio saioak egiteko errekurtsoak zuzenduko zirela. Berdintasun Sailean kontu sail espezifikoa sortu da beste sail estrategikoekin zehar-lerrozkotasuna lantzeko eta aipaturiko formazioa eskaintzeko helburuarekin. Berau jorratzeko 20.000 euro zuzendu dira.


2006an Udalak Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Plana onartu zuen, eta hasierako apustua 2006-2010 plangintza izatea erabaki bazen ere, 2013ra arte luzatzea erabaki zen 2012an.


Urte guzti hauetan Arrasateko Berdintasun Sailetik aipatutako planean jasotako helburu zein jarduera asko burutu badira ere, planaren ebaluazio eta dagokion jarraipena egiteko beharrean aurkitzen zen Udala eta lan hori 2018 urtean gauzatu da.


Horregatik indarkeria matxistaren kontrako bigarren plana egikaritzeko eta 2019 urterako plan operatiboa martxan jartzeko 75.000 eurotako kontu sail berri bat sortu da.

 
Ikastetxeetan indarkeria matxistaren identifikatze goiztiarra eta ekiditeko proiektuak partida propioa izango du 2019an. "Proiektu iraunkorra da,  ikastetxeetan oso balorazio positiboa duena eta guztiz beharrezkoa kontsideratzen dena". Egitasmo honetarako 20.000 euroko kontu saila jaso da.


Arriskuan dauden emakumeei laguntzeko programaren kontu sailaren bitartez finantzatzen dira indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei zuzendutako talde-terapia, Arrasateko emakumeentzako aholkularitza juridikoa, eta urgentziazko egoerei erantzuna emateko zerbitzu puntualak. Kontu sail hau mantentzea "ezinbestekoa" dela erabaki da.


Gainera, 2018ko urriaren 2an osoko bilkuran adostutako adierazpen instituzional batean jasotako eta eremu publikoan berdintasunezko aitortza eta memoria lortzeko egitasmoari bide emateko 3.000 eurotako kontu saila jaso da.


Horretarako "aditu talde bat eratuko da informazio eta dokumentazio bilketarako; eremu sozial, politiko, kultural, zientzia mundu, ikaskuntza, eta abarretan aitortza merezi duten Arrasaten izan diren emakumeen gainean. Ondoren hautaketa prozesua herritarren parte hartzera zabalduko da".


Ingurumena:


2019ko ekitaldian Antoñako hezeguneari jarraipena emango zaio, eta horretarako 40.000 euro bideratzen dira.  


Irudiko lur eremuan, anfibio, landare eta hegazti autoktonoak hazteko gune bat sortzeko proiektua da. Anporretatik doan errekatxoa albotik igarotzen dela baliatuta, zingira edo putzu bat sortu nahi da, 20 eta 30 zentimetro arteko sakonerarekin, espezie autoktonoentzako leku bat sortuz. Proiektuarekin 2018 urtean hasi zen Udala baina 2019ko aurrekontuetan ere isla izango du, izan ere, proiektuaren exekuzioa 2019 urtean egingo da.


Gainera, Etxezarreta basoaren erosketari aurre egiteko bigarren ordainketaren zatia 2018ko aurrekontuen kontura egingo bada ere, "basoaren berreskurapena egiten hasteko 5.000 euroko kontu sail berri bat sortu da".  


Merkataritza, Turismoa eta Teknologia berriak:

 

Turismo Plana martxan da eta bertatik eratorritako linea bat garatzeko kontu saila indartu da. Horrela, Turismo kooperatiboaren ardatza jorratzeko errekurtsoak 10.000 eurokoak izatetik 20.000 eurotara egokitu dira, "ikusi delako Arrasatek baduela esparru horretan egiteko ibilbide zabala".


Era berean teknologia berrien kontu saila mantendu egiten da 15.000 eurorekin, eta  26.000 euroko kontu saila egokitzen da turismo aktibitateak egiteko.


Jarraituko da "herriko baserritarrei laguntzen", eta egitasmo erakargarriak antolatzen herritarrek herrian bertan kontsumitu dezaten. Merkataritza eta nekazaritza ekintzak egiteko 13.000 eurotako kontu sail bat jasotzen da, eta komertzio aktibitateak gauzatzeko 11.700 euroko kontu saila.


Ibai-Arterekin elkarlanean, sinatzen den hitzarmenaz baliaturik herriko merkatariek herrian ere ekintzak egin ditzaten ahalbidetzeko 31.000 euroko aurrekontua jaso da.
Alde zaharreko plan berezia aldatzeko prozesuari ekiteko 20.000 eurotako kontu saila jaso da. "Orain dela 18 urte aldatu gabe dagoen eta komertzioan zuzenean eragiten duena plana da alde zaharreko plan berezia".


Arrasateko herritarrek herrian erosi dezaten eta herria girotu eta berau txukun mantentzeko kontu sailak ere aipatzen dira, "ulertzen baita herri atseginak laguntzen duela ere komertzioa". Ildo honetatik, erabaki dira Gabonetako argiak jartzeko kontu saila 26.000 eurokoa izatea, Gabonetako izotz pista jartzea (26.000 euro), lorategien mantentzerako kontu saila indartzea  27.000 eurotan  (guztira 35.000 euro), baita fatxadak garbitzeko kontu saila ere. Azken hau 10.000 eurotan hazi da, guztira  30.000 bideratuz.


Kirolak:


"Kirolari garrantzia eman zaio legealdi honetan", Udalak adierazi duenez.
Musakola kiroldegia orain dela 40 urte estreinatu zen, eta zaharberritzea beharrezkoa du.  2019ko aurrekontuetan kontu sail bat erabaki da, 40.000 eurokoa, proiektu definitiboaren idazketa ahalbideratzeko.


Musakolako gimnasioko aholkularirako, SOAF zerbitzurako eta Musakolako gimnasioko aholkularirako partida bat sortu da 137.050 eurotakoa.


Kirolaren plan estrategikoa 2019 ko aurrekontuetan lekua dauka, 10.000 euroko kontu sail bat sortu baita ekintzak abian jartzeko.


Bestalde, 2018 urtean egin dira Iturripeko lurraren berriztatzea eta Mojategiko belar artifizialaren aldaketa. "Horregatik kirol saileko inbertsioak 150.000 euroko kontu saila izango dute 2019ko aurrekontuetan".


Gazteria eta Hezkuntza:


2018 urtean gazteei lotuta Erasmus + proiektua abiarazi da eta jarraipen bat izango du proiektu honek 2019an, Arrasateko gazteak kanpora eta kanpokoak bertara etor daitezen sustatu eta laguntzeko. Horretarako 10.000 euroko partida bat bideratu da.

 
Bestalde, gazteen emantzipaziorako, alokairuetan Udalak eskaintzen dituen diru laguntzen kontu saila 60.000 eurotan mantenduko da, "ahalik eta gazte gehien izan daitezen laguntza horien onuradun". Bestalde, 2019an Txikitxokoaren funtzionamendura 36.600 euro bideratuko dira.


Hezkuntzan eragitea garrantzitsua izanik, eraikinetan inbertsioak egiteko diru kopurua mantendu egin da,  100.000 eurotako izanik azken kopurua. Gainera, Eibarko hizkuntza eskolako gela desplazatuak Arrasatera ekartzea lortu da EPA eskolan kokatuko delarik probisionalki. EPAren gastuetarako bideratzen den kontu saila 28.000 eurokoa da.

 
Bestalde, haurren parte hartzea ahalbideratzen duen "umeen kontseilua" egitasmoarekin jarraituko du Udalak, eta 22.500 euroko kontu sail bat bideratu du.

 
Kultura:


Legealdiko "izar proiektuak", Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea eraikinak kontuan hartzen dituenak, protagonista izaten jarraitzen dute 2019ko aurrekontuetan. 500.000 euroko kontu sail bat zuzendu da Kulturola proiektura, hau da, Zerrajerako Erlojuaren Eraikinaren birgaitze lanetara, eta 1.080.000 euro Juan Arzamendi Musika Etxea egiteko proiektura.


Kultura eta musikari egoitza propio eta txukunak emateko asmoarekin "eskualdean ere erreferente kultural izango den" proiektua gauzatzen hasia da 2018 urtean eta obrak "bi urte luzez" iraungo dute oraindik.  


Halaber, Amaia Antzokia ere berritzeko "premia duela ikusita" 50.000 euroko kontu sail bat bideratu da, bertan egin beharreko hainbat proiektu exekutatzeko.  


Era berean,  Arrasateko Danborradaren eskari historikoari erantzuna emateko 15.000 eurotako kontu sail bat sortu da, Danborradako abestiekin disko bat grabatzeko. Gainera, "danborrada herrikoi bat sortzea da ideia, bertako elkarteen doinuak bilduko dituena eta Arrasateko abestiekin osatutako bilduma izango da, kultura herrikoia indartuko duena alegia".


Mural margoketarako 6.000 euroko kontu sail bat sortu da, muralak margotzearen egitasmoekin jarraitu ahal izateko herriko artisten bidez bertako kaleak biziberritzen.  
Gainera kultur ekintzetarako 350.000 euroko kontu saila mantentzen da, baita ere herriko jaiak ospatzeko bideratzen den 318.000 euroko kontu saila  ere.


Segurtasuna:


Herritarren segurtasuna garrantzitsua izanik, 2017an hasitako bi egitasmo nabarmendu ditu Udal-gobernuak: trafikoko radarrak eta Lanako biribilgunea egitea.


Radarren inguruko "balorazio positiboa" eginda, 2019ko aurrekontuei begira, asmoarekin jarraitzea erabaki du Udal-gobernuak, eta  zinemometroa alokatzeko 72.600 euro zuzenduko ditu.

 

Gastuak

  • Udal-langileen gastuak: 11.508.648'77 €
  • Udalak ondasun eta zerbitzu arruntak erostea: 11.277.595 €
  • Maileguen interesak: 500 €
  • Transferentzia arruntak: 4.891.397'45 €
  • Kreditu globala eta ustekabeak: 325.000 €
  • Inbertsioak: 4.070.951 €
  • Kapital transferentziak: 807.092'53 €
  • Finantza aktiboen aldaketa: 180.000 €
  • Finantza pasiboen aldaketa: 318.150'97 €
 
Diru-sarrerak:
  • Zuzeneko zergak: 7.308.100 €
  • Zeharkako zergak: 601.001 €
  • Tasak eta prezioak: 7.342.000 €
  • Transferentzia arruntak: 16.631.107 €
  • Ondareko diru-sarrerak: 188.400 €
  • Inbertsioak inorentzea: 875.100 €
  • Kapital transferentziak: 77.500 €
  • Finantza aktiboen aldaketa: 90.000 €
  • Finantza pasiboen aldaketa: 266.127'72 €
 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE