Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko azaroak 18, astelehena
Arrasate Zientzia Elkarteak antolaturik, aurrera jarraitzen du aurtengo 'Arrasateko Iragana Astintzen' hitzaldi zikloak.
Aurreko astean Josemari Velez de Mendizabal historialari arrasatearrak 'Albina Madinabeitia: Mujer y, sin embargo, artista excepecional' hitzaldia eman zuen.
Ekitaldian zehar Arrasateko biolinjole handiaren inguruko informazio ugari azaldu zien ikus-entzule ugariei. Izan ere, historialariak garaian musikaria elkarrizketatu zuen 1977an.
Hala, Madinabeitiaren inguruko 9 artikulu idatziak ditu eta bere blogetako batean, Hots Begi Danbolinak izenekoan, kontsultagai daude.
Datu objektibo ugariez gain, historialari arrasatearrak besteak beste azpimarratu zuen biolinjole arrasatearraren "ibilbide artistikoko inflexio puntua":
"Aparteko interprete indibiduala zen, mundu mailako proiekzioarekin, eta hala jarraitu izan balu auskalo noraino iritsiko zitekeen. Alabaina, Orkestra Nazionaleko biolinista izatea lortu zuen, eta horrek ekarri zion orkestra batean diluitzea".
Estatu mailako orkestraren "biolinjole nagusia izatea lortu zuen, baita orkestran sartzea lortu zuen lehenbiziko emakumea ere".
Hala ere, erabaki hura suposatu zuen bere ibilbide artistikoa "sakrifikatzea bere familiak, tartean Yon semea, eta berak ere eltzetik babak atera ahal izateko".
Entzuleek adi jarraitu zuten hitzaldia eta amaieran txaloak eskaini zituzten. AZEren hitzaldi zikloak etzi, asteazkena, aurrera jarraituko du ondoko hitzaldiarekin: 'El éxito de un arrasatearra en el Barroco'.