Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Iñigo Iruin abokatuak kasua aurrera darama

"Aitaren hilketa argitzeko frogak estatu espainolak ezkutatzen dizkigu"

40 urte bete dira Iñaki Etxabe arrasatearraren aurkako hilketatik. Ezezagun batzuk bere Kanpazarko jatetxera sartu ziren gauez, eta tiroka hil zuten. Ordutik ez da ikerketa ofizialik, epaiketarik,... izan. Familiak egia, justizia eta errekonozimendua exijitzen ditu. Familiaren abokatu Iñigo Iruin dihardu, eta gaia Auzitegi Konstituzionalean dago. Familiak eta abokatuak salatzen dute hilketa argitzeko frogak Ferroleko artxiboan ezkutuan dituela estatu espainiarrak.

595.Etxabe.Kanpazarren (id: 131957)


Iñigo Iruinen argazkia: Javier Ortiz / Goiko argazkia eta testua: Gontzal Landa Herbias / 2015eko urriak 6, asteartea 

 

1975eko urriaren 5eko gauean Kanpazarko jatetxean (Iñaki Etxabe Orobengoa arrasatearraren jatetxean) sartu ziren, eta gas paralizatzailearekin bezeroak erasotu zituzten.

 

Iñaki sukaldetik atera zen ea zer gertatzen zen ikustera, eta orduan ezezagunek metraileta bidez tiroka erail zuten.

 

40 urte luze igaro dira ordutik, baina oraindik ez da hilketa argitu, arduradunak epaitu, estatuaren aldetik autokritikarik egin,...

 

Aurreko ostegunean Iñakiren hiru seme-alabekin izan ginen, Ainhoa, Aitor eta Olatzekin [goiko argazkian].

 

Familiak eskatzen ditu "ikerketa egin dadila, errudunak zigortu ditzatela eta estatu hilketa bat izan zela onar dezatela, 40 urteko atzerapenarekin bada ere".

 

Izan ere, "oraindik esaten digute, frogarik aurkeztu ezin izan dugunez (estatuak berak ezkutatzen ditu froga horiek Ferroleko artxiboan), hilketa bat ez zela izan...". Horregatik ere senideak oso minduta daude: "Adarra jotzen digute, estatu espainolak hirutan ukatu digu estatu terrorismoaren hilketa bat izan zela. Hau lotsagarria da".

 

Bitartean "eurek euren biktimak ahotan dituzte, "enaltecimiento del terrorismo" delakoa aipatzen dute etengabean,... eta guri adarra jotzen digute, onartezina da".

 

Iñakiren hilketa vendetta bat izan zela adierazi dute: "Aurreko egunean ETAk Arantzazun guardia zibil batzuk erail zituen, eta gure aita jomuga erraza zen. Gainera, kontuan hartu behar da gure osaba Juan Jose Etxabe 1972ra arte ETA pm-eko arduraduna izan zela".

 

Vendetta betetzeko, ezezagunek (seguruenik guardia zibilek) jakin bazekiten Iñaki Etxabek mendate bateko jatetxe batean lan egiten zuela: "Atentatu bat egiteko leku erraza zuten, herrigunetik urrun".

 

Ordurako, Etxabe familiak hainbat atentatu jasanak zituen Ipar Euskal Herrian eta Kanpazarko jatetxean. Jatetxea bitan erasotua zuten.

 

"Beldur ginen eta gure gurasoek erabakia zuten Arrasateko herrigunera bizitzera jaistea, toki seguruagoa zelako. 1975eko azaroan etortzekoak ginen danok...".

 

 

 

 

Elkarrizketa:

Iñigo Iruin, familiaren abokatu

 

 

200.Iñigo.Iruin.JAVIER-ORTIZ (id: 220709)

 

- Zertan da Iñaki Etxaberen aurkako hilketaren gaia alor juridikoan?

 

- Auzitegi Konstituzionalean dago, babes helegitea orain 10 bat egun aurkeztu zen. Helegite horretan salatzen da defentsarako eskubidea urratzen dela. Izan ere, hilketako frogak Ferroleko artxiboan dauzkate, Barne Ministerioak garaian espediente administratiboan sartu ez zituelarik. Ondoren, guk Auzitegi Nazionalean eskatu genuen froga horiek auzitegiko prozeduran sartzea, baina Auzitegi Nazionalak ukatu zigun. Beraz, gure froga eskubidea urratu du, eta beraz urraketa hori Auzitegi Konstituzionalari planteatzen diogu.


Ferroleko artxiboan dauzkaten frogak oso garrantzitsuak dira. Zergatik? Froga horiek direlako hilketaren ostean Durangoko Auzitegiko Instrukzio epaileak jaso zituenak . Gero, Durangoko Auzitegia konturatu zen gertaerak terrorismoarekin lotuta izan zezakeela, eta erabaki zuen orduko Tribunal de Orden Público delakora bidaltzea. Han artxibatu egin zen, eta informe hori egun Ferroleko artxiboan dago.

 

Guk eskaerak egin ditugunean, oinarritu gara bai orduko prentsako argitalpenetan, baita orduko Durangoko epailearen lanean ere: Kanpazarren jasotako frogak (kaskilloak adibidez), balizko lekukoen testigantzak,...

 

Orain arte Iñaki Etxaberen familiak egindako eskaeretan, bai alor administratiboan, baita judizialean ere, Ferroleko espediente judiziala ez da sartu diligentzietan, nahiz eta hori gakoa den. Dokumentazio hori eskatu genuen baina Auzitegi Nazionalak bitan ukatu zigun, eta beraz Auzitegi Konstituzionalera jo behar izan dugu.

 

Auzitegi Konstituzionalak arrazoia emango baligu, Auzitegi Nazionalak Ferroleko txostena ezagutzera eman beharko liguke, eta beste sententzia bat egon beharko litzateke.

 

- Entzuten denez, Iñaki Etxaberen hiltzaileak Gernikako komisaldegiko guardia zibil batzuk izan ziren. Datu hori baieztatu daiteke?

 

- Oraingoz ez, esaten denez Iñaki Etxaberen aurkako hilketa "vendetta" bat izan zen, aurreko egunean ETAk Arantzazun guardia zibil batzuk erail zituelako. Tamalez oraingoz ezin da hilketaren egileen inguruan ezer ziurtatu.

 

- Badago aukerarik Auzitegi Konstituzionalak familiari arrazoia emateko behingoagatik?

 

- Nik uste Auzitegi Nazionalak egindako ukazioa handia izan dela. Familiaren eta abokatuaren ikuspuntutik, garbi dago eskubide urraketa izan dela, baina arazoa da Auzitegi Konstituzionalak helegite bat tramitera onartzeko, eskatzen duela gaiak garrantzi konstituzionala izatea, hau da, auzi honek Konstituzionalari bere doktrina aldatzeko, aberasteko,... aukera ematea.

 

Nik espero dut auzitegiak ohartzea kasuaren larritasunaz eta beraz garrantzi konstituzional hori onartzea. Litekeena da Iñaki Etxabe Estatu terrorismoaren lehen belaunaldiaren lehen biktima izatea.

 

Auzitegi Nazionalari dagokionez, bere sententziak ezbaian jartzen du Iñaki Etxaberen hilketa terrorismoa izan zela. Baina argi dago hilketa zuzenki ikertu zuen epaile bakarrak, Durangoko epaitegikoak, orain 40 urte, terrorismo ekintzatzat jo zuela.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE