Bi ekitaldiak Garaia Gunean egin dira. Bertan izan dira Iosu Zabala errektorea, Ino Galparsoro alkatesa eta Patxi López lehendakaria, beste batzuen artean.
Koldo Carrillo- 2010/02/03
“Birziklaia, ingurugiro-heziketa pedagogiaren baliabideetako bat da” eta honetaz sinistuta, Amaia Zinkunegi zarauztarrak eta Ines Gereka zubietarrak birziklaiatik sortutako lanak erakusgai jarri dituzte Birbiran. Kulturaten izango dira otsailaren 28ra arte, martitzenetik domekara arte arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara. Inguruan topatu ditzakegun hainbat zabor, beste era batera birziklatuta eta sormenaz lagunduta, denetariko tresna eta objektu original eta koloretsutan bihurtu dituzte bi gazte hauek.
Kolore, forma eta ehundurak nahasten dituzten pieza hauekin, umeak erakarri nahi izan dituzte eta zabor artean, “esperimentazio eta jolasen bidez irudimena lantzea” nahi dute. Honetaz gain, gaur egun bizi dugun “erosi eta bota” kultura kontsumitzaile honen gainean hausnarketa bultzatu nahi izan dute Zinkunegi eta Gerekak. Birziklaia modu praktiko batean landuz, ingurumenaz gehiago jabetzea, edo besterik gabe botatzen ditugun objektuei erabilera berriak ematea eta bere balioaz ohartzea dira erakusketa honen helburu batzuk.
Kulturateko klaustro guztia hartzen du erakusketak, piezek espazio guztian sakabanatuta daudelarik. Asko izan dira; haur zein helduak, erakusketari gain-begirada bat eman ostean, honen originaltasunaz konturatu eta harritu direnak.
Erakusketa honi ikuspegi didaktikoa eman nahi izan diote autoreek, beraz beren zaborreria “hiru koloretako edukiontzien arabera sailkatzen” saiatu dira. Nahiz eta zenbait lan material nahasketarekin eginak izan. Horrela, sormen lan soil batean, kartoia, alanbrea, plastikoa, oihala, papera, latak etab. ikus daitezke, eta baita eguneroko bizitzan gertukoak egingo zaizkigun jogurt-ontzi edo arrautza kaxak. Bestalde, naturak berak eskaintzen dituen hainbat material ere erabili dituzte beren lanetan, hala nola: sustraiak, adarrak, harriak, hezurrak etab. Beraz, ikusgai den “zaborreria” honetan, material, kolore eta forma ezberdinak “elkarrekin dantzan” aurkezten dizkigute Amaia Zinkunegi eta Ines Gerekak.
Bi artistek “kontsumo gizarte honi buruz” hausnarketa bat bultzatu nahi dute eta helburua “zabor gutxiago egitea” izanik, kontsumitzerakoan “jarrera arduratsu eta kritiko” baten alde egiten dute.
Horrela, “zaborraren eta birziklaiaren inguruan jendea eta bereziki haurrak sentsibilizatzeko”, ikastaroak antolatzen dituzte herri ezberdinetan. Haur eta gazteei zuzendutakoak izaten dira gehien bat, eta baita hezkuntza eta aisialdi munduko ikasle, begirale, elkarte eta gai honi buruzko interesa duten guztiei.
Hortaz, otsailaren 28ra arte izango dugu gurean Birbira erakusketa, birziklaiatik sortutako originaltasuna.