Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Argazki-galeria

Txapeldunak!!!

Isei Barbero / 2017ko maiatzak 6, zapatua


 

Denboraldi osoko lanaren ostean, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek azkenean merezitako saria jaso dute.  Azken jardunaldira arte itxaron behar izan badu ere, Mungian Uribealdea B-ri 0-36ko emaitzarekin irabazita, Euskal Ligako 2. Mailako txapeldun berria da Igor Isasik zuzentzen duen taldea.  Modu honetan, ikasturtea lehen postuan amaitzeaz gain, sarrailagileek 1. Mailarako txartela ere eskuratu dute.  Mungiaraino zaleez beteriko autobusa ere gerturatu da eta, esan beharrik ez dago, festa eta algara izan direla nagusi epaileak norgehiagokaren amaiera adierazi duenean.

Partidua ezin hobeto hasi da sarrailagileentzat, 10. minutua bete baino  0-5 aurreratu baitira Zubizarretak ezker hegaletik egindako korrikaldiaren ostean lortutako entseguari esker.  Arizaletak ez du hutsik egin transformazioan eta, honenbestez, 0-7koa igo da markagailura.  Lehen zati osoan zehar bisitariek Uribealdea bere zelaian sartua eduki dute eta, zenbait saiakeren ostean, Kanpanzar Arrasatek arratsaldeko bigarren entsegua lortu du, oraingo honetan Beñat Salaberriren eskutik.  Berriro ere Arizaleta eraginkor aritu da baloia kolpatzen eta, lehen zatia 0-14koarekin amaituko zela zirudienean, Joseba Azkarrak entsegu berri bat lortu eta bi taldeak 0-19koarekin joan dira atsedenaldira.

Horrelako errentarekin bazirudien bigarren zatia erosoagoa izango zela Kanpanzar Arrasaterentzat baina, aitzitik, talde zuri-morean denborarik gehiena bere zelaian sartuta eman du.  Hala eta guztiz ere, Isasiren mutilak gogor aritu dira plakaketetan, eta markagailua hutsean uzteko gai izan dira.  Hori gutxi balitz, hasierako 40 minutuetan egin bezala, beste hiru entsegu sartzeko gai ere izan dira.  Lehenengoa Azkarragak lortu du bigarren zatia hasi eta berehala (0-24), oraindik bosgarren minutua bete barik zegoela.  Norgehiagoka amaitzeko bost minuturen faltan Arizaletak 0-24koa jarri du markagailuan eta, ondorengo transformazioa gauzatuta, 0-31koa.  Azkenik, partidua amaitzear zela, Dolarak arratsaldea biribildu egin du 0-36koarekin, Mungiara gerturatutako zaleen zoramenerako.

Ia perfektua izan den denboraldia osatu du Kanpanzar Arrasatek 2016-2017 ekitaldian.   Izan ere, Isasiren mutilek jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte, Elorrion izandako estropezuaren salbuespenarekin.  Sarrailagileek lider moduan amaitu zuten sailkapen fasea, igoerarako borrokan lehiatzeko txartela eskuratuz.  Denboraldiko azken txanpan Txingudi, Elorrio eta Uribealdearekin aritu dira nor baino nor eta, esan bezala, hemen ere ia garaitezina izan da Arrasateko taldea, orain dela hilabete eskas galdu baitzuen Elorrion denboraldiko partidu bakarra.  Porrot horrek nolabait estutu egin zuen lehen postuagatik sarrailagileak Txingudirekin burutzen ari ziren borroka baina, zorionez, irundarren kontra Mojategin jokatutako emozioz beteriko partiduan, Isasiren mutilak 23-20ko emaitzarekin nagusitu eta bideratuta utzi zuten 1. Mailarako bidea.

Honenbestez, Kanpanzar Arrasatek dena alde zuen gaurkoan txapeldun izateko baina, euren izaerari eutsiz, Isasiren mutilek garaipena eskuratu eta Mungiatik buru-makur etortzeko zeuden aukera apurrak uxatu dituzte, bertaratutako zale guztien zoramenerako.  Gaurkoan ziur asko bat baino gehiago ordu txikiak arte ibiliko dela parranda, aurten egindako balentriak  neurri horretako ospakizuna merezi du eta.  Orain dela pare bat urte, azken liga txapelketa irabaztean, ospakizunen baitan kamioia atera zuen Arrasateko kaleetara klub zuri-moreak.  Oraingoan ikusi behar zen antolatzen duen Arrasate Errugbi Taldeak… Zorionak guztioi!!!
 


Galeria de fotos
URIBEALDEA 0-36 KANPANZAR ART

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE