Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ziorla Kenpok antolatuta

"Euskadiko Kenpo Txapelketa Arrasaten izango da domekan"

Kenpo taldeko ordezkari Iker Letonak azpimarratu du igandeko txapelketa "aukera ona izango dela arte martzialak hobeto ezagutzeko". Sarrera doakoa izango da.

590.Ziorla.Kenpo (id: 4055048)


Kartela: Ziorla Kenpo / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 31, ostirala

 

Ziorla Kenpo antolatzen ari da Euskadi mailako txapelketa, hain zuzen, "Arrasaten finkatutako eskola txiki bat", bertako ordezkari Iker Letonak azaldu digun bezala.

 

Iaz proposatu zieten Euskadiko Txapelketa bertan antolatzea, eta Ziorla Kenpok baietz erantzutea erabaki zuen.

 

"Antolatzeak noski lana suposatzen du baina uste baino gutxiago, laguntza ugari jasotzen direlako, bai Udalaren aldetik, bai Federazioaren partetik,...".

 

Iker Letonak kudeatzaile eta koordinatzaile dihardu, Aitor Mondragonek kudeaketa batzuk egin ditu, eta denera 8 lagun inguruk dute tatamia ekartzeko eta muntatzeko ardura.

 

Hortaz gain, txapelketan bertan mahaietan anotazioak egiteko Ziorlako Kenpokoen neskalagunek eta lagunek ere lagunduko dute.

 

Euskadiko Txapelketan kadete mailatik gorako kategoriek parte hartzen dute. Gipuzkoakoan, ordea, haurrek ere parte hartzen dute.

 

Orain arte Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak egun eta toki berean egin dira. Orain, ordea, egun eta leku ezberdinetan egingo dira. Horrek bi gauza positibo dauzka, Iker Letonak azaldu digunez:

 

"Kenpoa herri gehiagotara zabaltzen da, eta gainera parte-hartzaileak egun txarra izaten badu, txapelketak egun berean eginez gero, bi lehiaketetan txarto arituko da. Ordea, egun ezberdinetan eginda, parte-hartzaileak gauzak zuzentzeko aukera gehiago dauzka".

 

Horrela, Gipuzkoakoa Oiartzunen egin berri da, eta Euskadiko asteburu honetan Arrasaten egingo da. "Gipuzkoakoan nire ikasleek hainbat estrategia aplikatu zituzten, eta txapelketa horretako esperientzia kontuan hartuta, Euskadikoa planteatu dute".

 

590.Euskadiko.Txapelketa.ZIORLA-KENPO (id: 4322641) 

 

Ziorla Kenporentzat txapelketa baten antolaketa erronka berri bat da: "Orain arte erakustaldi bat edo beste antolatu dugu, baina lehiaketarik ez. Denon arteko lanarekin ez da lan nekeza".

 

Guztira 60-80 kenpo borrokalarik parte hartuko dute, kadete, junior eta senior kategorietan (pisu ezberdinekin) arituko dira.

 

"Ez daude faboritoak, eragin handia dauka parte-hartzaile bakoitzak zer-nolako eguna duen. Beste urte batzuetan faboritoak zeuden baina aurten lehiaketa irekiagoa dago".

 

Orain gutxi Ziorla Kenpoko lagunek Nafarroako txapelketan parte hartu dute, eta Iker Letona beteranoetan garailea izan zen. "Senior kategorian faborito argi bat zegoen, baina azkenean beste borrokalari batek irabazi zion".

 

Iker Letona irakasleak azaldu ohi du "txapelketan zu zara zure aurkari handiena: Kata inoiz baino hobeto egiten baduzu, eta sekula baino hobeto borrokatzen baduzu, emaitza oso onak lortuko duzu".

 

"Batzuetan emaitza oso onak lortzen dira baina tatamian egindako lana oso txarra izan da. Ordea, beste batzuetan lan oso ona egin duzu, eta aurkariak irabazi zaituen arren, egin duzun lanarekin hobeto sentitzen zara". 

 

Horregatik, "hobe litzateke parte-hartzaileek horrela enfokatzea: garrantzitsuena da norberak norberaren lana ondo egitea, emaitzei hainbesteko garrantzia eman barik".

 

Igandeko txapelketan Ziorla Kenpoko lau lagunek parte hartuko dute, eta baliteke Eskoriatzako Atama taldeko arrasatearren bat edo bestek ere parte hartzea. 

 

Orokorrean hartuta, "jende batek arte martzialen inguruko kontzeptu okerra dauka: pentsatzen du lau makarren artean elkarri jipoiak ematea dela, baina ez dauka horrekin zerikusirik":

 

"Kenpo txapelketan defentsa pertsonala eta katak ikusgai izango dira, ez dira k.o.-ra jokatuko diren borrokaldiak. Defentsa pertsonala baliagarria da pertsonak kalean arazoren bat izaten badu, egoerari aurre egin ahal izateko".

 

"Arte martzialak hobeto ezagutzeko aukera ona izango da kiroldegian". Txapelketa igandean izango da, goizeko 10:00etan hasiko da, Musakola kiroldegian, barruko kantxan, eta sarrera doakoa izango da. 

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE