Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Besaidekoekin Lezetxikira irteera- kronika
"Zeharo etzanda eta lur eta lokatzetan narrazean ibili behar izan ginen"
Besaideko Hamabostaldiaren barruan Lezetxikira espeleologia irteera egin zen atzo, zapatua, goizean.

595.2 (id: 2075998)

 

Koldo Carrillo- 2009/10/25

 

Mendian eta hau inguratzen duten kirolen artean, espeleologia izango da, akaso, ezezagunena, baina mendizaletasunaren arlo bat ere bada. Mendizale eta gazteei kirol ezkutuko hau hurbiltzeko ahaleginak egin ditu Besaide Mendizale Elkarteak bere aurtengo Hamabostaldian. Atzo, urriak 24, zen hitzordua, eta Lezetxiki eta Koba Haundi bisitatu genituen.

300 (id: 2014023)

 

Goizeko 9:00etan elkartu ginen Garagartzeko Plazan. Talde polita zen kobetan behera egiteko; Arrasate, Oñati eta Aretxabaletako 12 mutil. Gutariko batzuk, ez genekien begien aurrean aurkituko genuena, ezta gertatuko zena ere. Laster, lurpean, ilunetan barneratuko ginen “ezezagunaren” bila, eta abenturazko zelabaiteko begiradaz ikusten nuen nik hura.Hala, “zikintzeko arropak” jantzi, kasko eta frontalak behar den moduan jarri eta orduan Lezetxikiko sarrerarako bidean jarri ginen. Han hasi zen lurpean zehar eramango gintuen bidea, lokatzezko aldapatxo bat behera.

Espeleologia taldekoek Lezetxikiren inguruko zenbait datu eta azalpen eman zituzten ibilbide guztian zehar eta taldeko gainontzekoon kuriositatezko galderei ere oso gustora erantzun zieten. Lezetxiki Jose Miguel de Barandiaran buru zeukan taldeak egin zituen idusketa lanen emaitza da, lanok 1956 eta 1968 urteen artean egin ziren. Ibilbidean metro gutxi batzuk aurrera egin ostean, ulertzen hasi ginen zer nolako inguru arrotz, zail eta ilunetan murgilduko ginen; hezetasunezko zulo beltz eta misteriotsutan. Lokatza nonahi aurkitu zitekeen eta kontuz ibili behar zen, labantzeko aukerak itzelak ziren eta.

Gero eta txoko labankorrago eta estuagoetatik sartzen hasi ginen eta goraka zihoan lokatzezko aldapa handi baten parean aurkitu ginen baten. Orduan, taldekoek soka bat lotu zuten goian eta hau helduta egin genuen lur hezetik gora. Komeria bat edo beste egon zen, jakina, eta zenbaitetan ni neu nintzen protagonista. Halako txokotan, baina, naturala da hori. Taldeko bati espeleologiaren arriskuetaz galdetuta, esan behar da, kirol honetan ez direla apenas istripu larriak ematen. Gauzak behar den moduan eginez gero ez dauka arriskurik. Kolpetxoak edo labankadak normalak izan daitezke, baina ez gehiago.

595 (id: 2052036)

 

Lezetxikiko ibilbidean gora, bi zein lau hankatan egin behar izan genituen zenbait zati; beste batzuetan, zeharo etzanda eta lur eta lokatzetan narrazean ibili behar izan ginen. Zentzu baten, nire haur garaira itzultzea izan zen hura; ez zion axola arropa zikintzea eta abentura kutsuak ere oso dibergarria egin zuen esperientzia. Bidean zehar, pareta eta harrietan sortutako artelanak ikus zitezkeen; ur kristalizatua, mineral ezberdinak… hitzetan deskribaezina askorentzat.

300.2 (id: 2030454)

 

Ibilbidearen amaieran, Ikurrinaren gelara heldu ginen, kobako galeria txiki bat. Azaldu zigutenez, 70. hamarkadan heldu ziren toki horretara eta bertan ikurrina txiki bat dago paretatik eskegita. Bertan gelditu ginen momentutxo bat, berba egiten eta argazki batzuk ateratzen giro ederrean. Gero, buelta emateko ordua izan zen eta jakina, igo beharrezko aldapak jaitsi eta jaitsitakoak igotzeko garaia. Horrela, bost metro luze izango zituen lokatzezko aldapa jaisteko, sokaren eta grabitatearen laguntzarekin soilik, ipurdia lokatzetan jarri eta behera egin genuen txirrista batetik behera moduan. Irteerara iritsi ginenean, Koba Haundira joan ginen eta han ere ibili ginen.

 

Benetan disfrutatu genuen guztiok. Koba Haundin, paretan zabaltzen zen zauri batetik sartu ginen. Ikaragarria zen; buruzgora etzanda eta harria muturren pare-parean geneukala egin genuen ibilbidean aurrera. Halako batean, heldu ginen Koba Haundira eta horrela, amaitutzat eman genuen irteera espeleologikoa.

Bueltan, guztiok oso pozik eta esperientzia berriarekin oso gustura joan ginen. Benetan errepikatzeko modukoa izan zen eta edozein laguni gomendatzeko modukoa.

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE