Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Etxean hartutako ardoa tabernen kanpoan edanez

"Txikitero koadrilak, ardoaren garestitzeaz protestatzeko, tabernetara sartzeari utzi genion"

595.Lehen.Miraria.Txema-Urzelai.Fondoa.Arrasate.Zientzia.Elkartea (id: 8643811)
Argazkia: Arrasate Zientzia Elkatea - Txema Urzelai Fondoa / Testua: Iker Murillo Merino eta Gontzal Landa Herbias / 2019ko urriak 4, ostirala


Gaur txikiteroen eguna ospatzen dugu Arrasaten, Maritxu Kajoi, eta txikiteoa 1960. hamarkadan esate baterako oso sustraituta zegoen.


"Jendeak lanegunetan Unión Cerrajeratik, Elmatik,... irten ostean, txikiteoa egiten zuen koadrilarekin - azaldu digu Jose Angel Barrutiabengoa historialari arrasatearrak - , bospasei txikito edanez".


"Zapatu eta domekan jendea dotore-dotore ateratzen zen kalera, eta tabernarik taberna ibiltzen zen bai eguerdian baita arratsaldean ere". Kontuan hartzekoa da "txikiteoak suposatzen zuela herriari bi buelta ematea. Txikiteo buelta bat zen":

  • Mirentxu tabernan hastea
  • Ezkiña
  • Aralar
  • Biona
  • Arrasate
  • Erdialdeko terraza
  • Mondragon
  • Ederra
  • Monte
  • Plus Ustran amaitzea

Hau da, txikiteoa egiteak "gutxi gorabehera litro bat ardo edatea suposatzen zuen. Pentsa, hotz egiten zuen egunetan, edanaren edanaz, bigarren bueltan berokia soberan genuen... Egun batzuetan hirugarren bueltari ere ekin genion". 


"Astelehen eguerdietan ere, ikastetik gentozenok tabernarik taberna ibiltzen ginen, baina jendea orokorrean lanean zegoen".


1968-1969 inguruan txikitoaren prezioa 70 zentimokoa zen, hau da, 0'7 pezetakoa. "Baina egun batetik bestera tabernek pezeta batera igo zuten. Arrasateko txikiteroak haserrarazi zituen, eta gu (16-17 urte genituela) ere haserretu ginen, ez zitzaigulako bidezkoa iruditzen, eta protesta egitea erabaki genuen".


Horrela, "tabernetara sartu eta txikitoa kontsumitu ordez, protesta gisa, tabernen kanpoaldean geratzen ginen eta gure etxeetatik ekarritako ardoa zahatotik edaten genuen".


"Nik uste beste koadrila batzuek ere zahatoaren protesta egin zutela. Gu baino nagusiagoak ziren. Beste batzuek sozietate gastronomikoetatik ibili ziren txikiteoan, tabernei bizkar emanda".


"Beste batzuek hasieratik amore eman zuten, eta gogo txarrez izan arren, tabernetan kontsumitzen jarraitu zuten".


"Gure koadrilan hori egin genuen egun batzuetan zehar, baina tabernariek prezioari eutsi zioten", eta "azkenean protesta utzi genuen".


Prezioaren igoerak bazuen ere bere alde ona: "70 zentimo ordaintzean txanponekin kalkulatzen ibili behar ginen, baina pezeta bat ordaintzean errazagoa zen".


Orokorrean, ardoaren igoerek "haserrea eragin izan dute koadriletan, eta ordukoa protesta nabarmenena izan zen".

 

[Zuri-beltzezko argazkian Maritxu Kajoiren lehenbiziko miraria ageri da, Herriko plazako iturriko ura ardo bihurtu zuenekoa].


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE