Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Oposizioak ''progresibitate eza'' salatu du

Udal-zergak 0'6 igotzea erabaki du Plenoak, "KPIaren arabera"

EH Bilduk aurka bozkatu du "progresibitatea aplikatu ez delako", eta Elkarrekin Arrasatek "justizia sozialean oinarritutako eredu bat" aldarrikatu du. Biak ala biak kritiko agertu dira Udal-gobernuak erakutsitako formekin.

595.Plenoa.Ordenantza.Fiskalak2020rako1 (id: 9550994)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urriak 1, asteartea

 

2020an Udalak Arrasateko herritarrei, elkarteei, enpresei,... kobratuko dizkien zergak eta tasak bozkatu ditu gaurko Plenoan.

 

Udal-gobernuak planteatu du zerga guztiak igotzea, 0'6ko igoera, 2018ko irailetik 2019ko irailera bitarteko KPIaren igoera aplikatuta. Salbuespenak dira:

  • Udal Euskaltegiaren zerbitzua
  • Ingurumen hezkuntzari buruzko jarduerak
  • Etxez Etxeko laguntza zerbitzua
  • Edateko uraren hornikuntza eta saneamendu zerbitzua
  • Azpiegitura hidraulikoen tasa
  • Kontagailuak mantendu eta kontserbatzea 

Udal-gobernuko EAJ-PNVk azaldu duenez "3 kide erakunde ezberdinetan egin diren eskaerak aintzat hartu ditugu". Arrasate Zientzia Elkartearen proposamen bat ere gure egin dugu, ondare arkeologikoa babesteko".

 

Hirukide elkartearen eskaera ere kontuan hartu du "Arrasateko kide ugariko familiak laguntzeko, bertako jaiotze-tasa baxuaren harira". Beraz, Gobernuak elkarte batzuen proposamenak onartu ditu.

 

EAJ-PNVk plenoan adierazi du EH Bilduk aurkeztutako 3 puntu onartu dituela. EH Bilduk erantzun du "oraintxe bertan jakin dugula 3 puntu onartzen dituzuela...".

 

Maider Morrasek jakitera eman du "EH Bilduk irailaren 18an ordenantza fiskalen gure proposamena aurkeztu genuela Batzordean, eta batzordeburuak orduan esan gurekin bilera egingo zuela, adostasunak bilatzeko".

 

Alabaina, "batzordeburuak ez du gurekin bilerarik egin, eta orain, plenoan, jakin dugu gure 3 puntu onartzen dituzuela. Ez da lan egiteko modua".

 

Gainera, EH Bildu Udal-gobernuaren proposamenaren edukiarekin kritiko azaldu da: "Ez da fiskalitate progresiboa, eta gu beharrezko ikusten dugu gutxien daukaten pertsonek zerga gutxiago ordaintzea, eta diru gehien daukatenek gehiago ordaintzea".

 

Maider Morrasek adierazi du Udalak kontuan hartu behar duela zergak kobratzean "18 urtetik gorako gazte ugari" krisialdi ekonomikoaren ondorioz "euren familiarekiko mendekotasun ekonomikoa dutela".

 

EH Bilduk beste proposamen bat aurkeztu du etxebizitzen merkaturatzeari dagokionean, eta beste bat euskara ikastea doakoa izan dadin, eta "horretarako sistema bat adostea". Salatu du uraren tasa 1'8ko igoko dela "unilateralki eta argudio tekniko barik".  

 

595.Plenoa.Ordenantza.Fiskalak2020rako2 (id: 9597065)  

Elkarrekin Arrasatek gaitzetsi du Udal-gobernuak zergak eta tasak arrasatear guztiei igoko diela "bereizketarik egin gabe, hau da, Arrasaten egoera sozial ezberdinak kontuan izan barik".

 

Horren ondorioz "gehien dutenen karga arinduko zaie, eta gutxien daukaten familiei karga gehiago jarriko zaie". "Aita Menni, Mondragon Unibertsitatea eta Goi Eskola Politeknikoari 107.000 euroko opari fiskala" egingo die Udal-gobernuak.

 

Igor Urizarrek mahai gainean galdera bat jarri du: "Nork behar dute laguntza gehien: enpresa horiek ala Arrasateko klase ertain eta baxuko familiek?".

 

Gainera, kritiko agertu da Udal-gobernuak proposamen fiskalen lanketaren inguruan: "Gaur arte ez dugu jakin 0'6koa izango dela zerga eta tasen igoera". Hortaz gain, "ez duzue informazioa eman gutxi beherako balantzearen, Fondu Foraletik iritsiko den diruaren, Mankomunitateko kuotaren,... inguruan".

 

Bestalde, Elkarrekin Arrasatek adierazi du Udalaren ur-zerbitzuak "800.000 euroko superabita" duela, baina PSEk zuzendu du adieraziz zerbitzu "defizitarioa dela, eta ezin daiteke kostu handi hori herritarrei ordainarazi".

 

Igor Urizar ados agertu da Arrasate Zientzia Elkarteak eta Udaleko langileek aurkeztutako proposamenekin. Halaber, "justizia sozialean eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eredua" planteatu du.

 

Esate baterako, "Arrasatek fiskalitate industrial baxua du, eta milioi bat baino gehiago fakturatzen duten enpresek gero eta gutxiago ordaintzen dute zergetan. Guk planteatzen dugu dagokien jarduera ekonomikoko tasa igotzea, horrela 130.000 gehiago lortuko lituzke Udalak".

 

Horrela, "130.000 € horiei gehituz gero hiru enpresari oparitutako 107.000 euroak, ez litzaieke Arrasateko familia langileei zergak eta tasak igo beharko. Zergatik ez duzue honela egiten?".

 

Era berean, hutsik dauden etxeei "Ondasun Higiezinen Zergaren [gaztelerazko IBI] errekargua berreskuratzea" planteatu du Elkarrekin Arrasatek. "Baita Babes Ofizialeko Etxebizitzetan hobari bat ere".

 

Udaleko Zerbitzu Ekonomikoak Saileko zinegotziak, Ander Garayk, barkamenak eskatu ditu ordenantza fiskalen harira, Udal-gobernuak oposizioarekin izandako hutsengatik:

 

"Barkamena eskatzen dut, eta konpromisoa hartzen dut datorren urteko ordenantza fiskalen, aurrekontuen,... prozedura hobetzeko". Bestalde, ukatu du Udalak "103.000 euroko opari fiskala egin duenik".

 

EH Bilduko Joseba Ezpeletak eredu bezala aurkeztu du Britania Handiko Alderdi Laboristako Jeremy Corbyn-ek planteatutakoa: "Gizartearen %5 aberatsenari zergak igotzea, eta orain zergak ordaintzen ez dituzten enpresa handiei zergak ordainaraztea". Ondoren, bozketa egin da eta ondorengoa izan da bozketaren emaitza:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aurkako botoak: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate) 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE