Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Onintza Ostolaza abokatua:

"Erreparatu ezinezko mina egiten ari zaizkio Josuri"

Kalean behar lukete ekimenaren barruan, Sarek antolatuta, hitzaldia izan da Kulturaten. Josu Arkauz preso politikoak 25 urte daramatza kartzelan. Horietatik 6 estatu frantziarrean, baina estatu espainiarrak ez ditu 6 urteak kontabilizatzen. "Europar legearen arabera", ordea, "Josuk kalean behar luke". Abokatuek Estrasburgora joko dute.

595.Preso.Josu.Arkauz.Hitzaldi1 (id: 3287896)


Bideoa, testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2016ko abenduak 13, asteartea

 

 

Arrasateko Sarek antolatuta, hitzaldia egin da "Josu Arkauzi zigor bikoitzik ez!".


Ekitaldia Kulturaten izan da, "Kalean behar lukete" kanpainaren barruan. Izan ere, Estatu espainiarrak bere legedia aplikatuko balu, hau da, zigorren deskontua aplikatuko balu, 7 presok kalean behar lukete dagoeneko.


Hitzaldia Onintza Ostolaza Arruabarrena abokatuak eman du, eta gaitzetsi ditu euskal preso politikoei ezartzen zaizkien "salbuespeneko neurriak":

  • Urruntzea (Euskal Herritik urrunduz)
  • Dispertsioa (espetxe barruko modulu ezberdinetan sakabanatuz)
  • 1. gradua (erregimen zorrotzena)
  • Bakartzea edo eta isolamendua
  • Senideekiko eta lagunekiko komunikazioen interbentzioak

Josu Arkauz arrasatearra 1991n estatu frantziarrean atxilo hartu zuten, eta kondena bete ostean, 1997an Espainiaratu zuten.


"Estatua ahalegindu zen 30 urte baino gehiagora kondenatzen", baina azkenean 30 urtera kondenatu zuten.


Horrenbestez, arrasatearrak 25 urte daramatza espetxean. Kondena laburtzeko, erredentzioak aplikatu behar litzaizkioke.


Alabaina, estatu espainiarrak 'Parot doktrina' delakoaren bitartez, "erredentzioak ia ezerezean utzi zituzten".


Horren kontra, euskal abokatuek Europako Giza Eskubideen Auzitegian helegitea aurkeztu zuten, eta Estrasburgok doktrina legez kanpokotzat jo zuen.

 

595.Preso.Josu.Arkauz.Hitzaldi2 (id: 3307920)

Ondorioz, erredentzioen eraginkortasuna handitu zen, baina estatuak "zailtasunak jartzen ditu", euskal abokatuak salatu bezala.


Josu Arkauz kaltetzen duen beste neurri bat da estatu frantziarrean betetako kartzela-urteak estatu espainiarrak ez deskontatzea.


"Europar legeen arabera, ordea, sententziek eragin berbera dute Europar Batasuneko herrialdeetan".


Legedi hori Estatu espainiarrak bere ordenamendu juridikoan txertatu behar izan zuen, baina prozesua "6 urtez luzatu du", eta gainera "era tranpatian".

 

595.Preso.Josu.Arkauz.Hitzaldi3 (id: 3333989)

Europar legedia Josu Arkauzen kasuari aplikatzeko, bere abokatuek eskaera formala aurkeztu zuten.


Beste preso politiko batzuen eskaerak aurreratuagoa doaz prozesu judizialean, eta Auzitegi Konstituzionalak eskaera hauek ukatu ditu. Hori dela, abokatuek Estrasburgora jo dute, eta  "Josuren eskaera ere Estrasburgon aurkeztuko dugu".


Abokatuak aurreikusten duenez, "urteak igaro daitezke Estrasburgok eskaeren inguruko epaia jakinarazi arte".


"Bitartean Josuk, honezkero kalean behar lukeena, kartzelan jarraituko du, erreparatu ezinezko min bat egiten ari zaizkiola".


Josu Arkauzen eta beste presoen eskubideak aldarrikatzeko, Gabonetan Arrasaten mobilizazioak egingo dira:

  • Abenduaren 20ko plenoan Josu Arkauzen inguruko mozioa bozkatuko da, eta Sarek dei egiten die herritarrei ekitaldi publikora bertaratu daitezen.
  • Abenduaren 30ean ekitaldi jendetsua egingo da Herriko plazan.
  • Urtarrilaren 14an Bilboko urteroko manifestazio nazionala aurrera eramango da.

Aipatzekoa da ere Arrasaten Josu Arkauzen etxeratzearen aldeko sinadura bilketa martxan dagoela.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE