Erakusketa irailaren 8an inauguratuko da, asteazkena, eta 10era arte egongo da zabalik. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Debagoieneko Mankomunitatean, eta bertan Mikel Orobengoa, Koldo Azkoitia eta Angel Etxabe izan dira.
INEM-eko ordezkariek azpimarratzen dute langabezia-txartela berritzearen garrantzia. Bestalde, euren aurreikuspenen arabera Lan Erreformak “ez du eragin nabarmenik izango Arrasateko egunerokotasunean”.
L.L.A/ Mondraberri, 2009ko urtarrilaren 21a, eguaztena.
Zapatuko poteoan ibili naizenetan behin baino gehiagotan piztu zait galdera bat… “goretexarekin” doazen guzti horiek mendira joaten ote diren biharamunean. Alvarok dio, Europa guztian Austriak bakarrik gainditzen duela Oñati eta Arrasate artean dagoen mendizale kopurua; Arrasaten biztanleriaren %5a omen da mendizalea. Gainera, lehen baino jende gehiago ibiltzen omen da mendian eta gehienek “senderismoa” praktikatzen dute.
Arrasaten bertan hiru baso-bide ditugu homologatutakoak, edo bestela esateko, seinaleztatuak daudenak: Ospitale atzetik Urkulura doana, “gaizki deitutako Erromes bidea”, edo Gesaltzatik Arantzazura doana eta Udalatik Besaidera doana.
Baina beste asko daude, erabiltzen ez direnak… haietako bat urrian errekuperatu zuen Udalak, Besaidek eskatuta. Alvarok kontatu digunez, “Meatzatik Udalara doan bide hori azkeneko 50 urtetan ibili barik zegoen”. Toledoko ezpatak Mondragoen forjatzen zirenean – Alfontso X.aren garaian- minak hortxe zeuden (hortik izena) eta baita Santa Luzian ere (Udalatxeko mugan). “Orduan, Udalatik horra etortzen zen jendea eta beranduago, Mondragoetik Elorrixorako bidea asfaltatu zenean ere Udalako jendea Bilbora joateko ez zen Arrasatera jaisten… ez baitzegoen biderik eta Sara parera joaten ziren autobusa hartzera betiko bidetik jaitsita”.
Beteranoen martxa bertotik pasa behar zenarena aitzakia bat izan zen, askok ezagutu ere egiten ez genuen bide zahar bat berriz ere erabilgarri jartzeko eta badirudi, joera hau nagusitzen joango dela… Udala Arrasateko baso-bide publiko guztien inbentario bat egiten dabil, gerora haiekin bide-sare bat osatu eta erabilpena eman dakien. Alvaroren esanetan, “inbentarioa egitea oso garrantzitsua da, gero bideren batzuk homologatzea nahi izanez gero edo xenda katalogatu moduan agertzeko”. Duela 5 urte 10 herri omen ziren soilik bideen inbentarioa amaituta zutenak. “Arrasatek ez dauka oraindik bukatuta, baina nahiko aurreratuta dabiltza lan horretan”.
Mendizaletasunean ez ezik, senderismoak sekulako indarra hartu du turismoan ere eta horren adierazle izan daiteke diputazio eta Jaurlaritzak baso-bide homologatuen sareak sortzeko zenbait proiektu martxan jarri izana. Badirudi etorkizun ez hain urrun batean sekulako birak egin ahalko direla mendiz Euskal Herrian zehar eta bide homologatuek administrazioek jarritako mugak hautsiko dituztela; Pirinioen bi aldetako bideak elkartuta, mugak zeharkatuko dituzten 60 ibilbide luze egongo direla aurreikusten da. Alvarok kontu guzti hauen inguruan informatu gaitu.
Alvaro Arregi: “Mendizaleek diote zapatadunentzako ari garela bidea markatzen”
Pirinioak aldenik alde ezagutu eta bideotaz ideia handirik ez duen asko dagoela esatea gehitxo ote da?
Mendia apur bat ezagutzen duen edonork badaki Pirinioak markatuta daudela bai Frantzia aldetik, bai Espainia aldetik. Aldiz, bidezidorrak zenbateraino garatuta ote daudenaren inguruan ez da hainbeste hitz egin… Nire ustez hori bekatu galanta da, lehenengo etxeko bideak ezagutu behar direlako. Beti handikeriaz gabiltza eta lehenago jakiten dugu Everesten altuera zein den Udalatxena baino. Herriko jende asko dago Udalatxek zenbat metro dituen ez dakiena… gainera ez da samurra; lehen 1092 zituela esaten zen eta orain bat batean 25 metro gehiago ditu!
Herri barruko azken bidea, zuek eskatuta garbitu zuen Udalak. Beteranoen martxa ez ote zen izan aitzakia bat bideon erabilpena sustatzeko?
Bai eta martxaren triptikoan bertan ere jartzen zuen bide hori garbitzearena pauso bat izan zitekeela herri inguruko bideak errekuperatu eta batzuk behintzat homologazio bidean sartzeko.
Arrasaten bertan hiru bide ditugu homologatuta, ibilbideak egiteko aproposak. Hala ere, jendea Urkulura joaten da erromesaldian. Zergatik?
Biztanleri gehiena asfaltokoa da eta mendiko botak jantzi behar badira, edo hanka bustitzeko arriskua badago edo bidean galtzekoa ez dakite ibiltzen. Mendizalea den jende askok eskutik eramatea eskatzen du; horregatik, bidezidor filosofia honetan sartu den azkenetariko instituzioa turismoa izan da. Eusko Jaurlaritzak Basque Tourren bitartez pakete bat atera du, euskal agentzia turismokoa, “Senderismo vs turismo”. Hor bisitak gidatuak dira eta ez da ibiltzea bakarrik bultzatzen; bidean aipatzeko moduko leku asko pasatzen dira, historiarekin zerikusia dutenak eta kulturalki oso garrantzitsuak direnak…geldialdi asko egiten dira haien inguruko azalpenak emateko.
Galtzeko arriskua aipatu duzu, baina bide hauek markatuta daude…
Maltzagatik Gasteizerako autopista ere markatuta dago, baina badakigu azken aldian zer gertatu den Arrasaten GPSekin, ezta? Autopistarekin arazo hori baldin badaukagu, pentsa… mendian ere izaten dira makina bat despiste, lainoa sartzen denean esaterako.
Bakarren batek esaten zidan birako mendiak autopista bezala markatuta egon beharko liratekeela. Nik ez nuke gura halakorik eta nahiago nuke mendiak batere marka barik baleude, abentura puntua mantentzeko. Gainera, mendian ezin gaitezke ibili markak egiten 10 metrotik 10 metrora.
Agian jendeari mendiko hizkuntza erakutsi beharko litzaioke bere kabuz orienta dadin?
Guk Federazioan zidorretakoa irakasgai garrantzitsu bezala dugu hartuta, baina ez da garrantzitsuena. Aldi berean, mendizaleek esaten dutena da, mendi puntetara ez dugula ezer markatuta eta zapatadunentzako ari garela bidea markatzen.
Egia da gero gehienok senderismoa egiten dugula eta Udalatxera joaterakoan mendira bazoaz ere, markatuta dagoen bide batetik igotzen duzula…
Hala ere, aipatu ditugun ibilbideak edonork egiteko modukoak dira, ezta?
Edozein esaterakoan, kontutan hartu behar da jendartean premia bat sortu dela eta irisgarritasunari buruz hitz egiten hasi garela. Denetan ezin daiteke ibili gurpildun aulkiarekin eta pasa den udan gai honekin lotuta ikusi dut astakeria bat: Gurpildun aulkidunentzat markatuta zegoen bide batean ikusi nuen emakume bat umea aulkian zeramala. Azkenean umea eta aulkia, biak bizkar gainean hartu behar izan zituen. Beraz, ezin esan bide hauek denak edozeinentzako direnik.
Bestela ere, ez da berdina Pirinioak aldenik alde pasatzea edo bailara batean ibiltzea, nibel desberdinak daude eta bideak ere sailkatuz doaz. Hainbat sistema daude bideen zailtasuna neurtzeko eta irisgarritasunari dagokionez, gutxitu fisikoek eskatzen dutena da bide horien inguruko informazioa, beraiek sar daitezkeen, edo zein puntutaraino erabil ditzaketen jakiteko. Zentzu horretan gauza asko daude egiteko.
Arantzazun zabaldu dute gutxitu fisikoentzat ere guztiz irisgarria izango den Gipuzkoako lehen bidea.
Hori sekula ez da izango bide homologatu bat, ez baitu horretarako behar den baldintza bakar bat ere betetzen. Hori da bide bat, asfaltoa partez porlana bota dutena… bakarren batzuk lortu genuen gastatu asmo zutena baino gutxiagorekin egin zezaten eta hala eta guztiz ere, astakeria bat iruditzen zait egin dutena; errespetu guztiarekin esango dut hori mendia txikitzea dela.
Bizkaia eta Gipuzkoako birak elkartu egiten omen dira Arrasateko leku pare batean…
Bizkaikoa Kanpazarretik irten eta Santa Luziatik bueltan Besaiderainoko tramuan elkartzen da Gipuzkoakoarekin. Handik aurrera jarraituz gero, Gipuzkoako birak Tellamendira baino lehen ezkerrera egiten du eta Santa Agedara jaisten da. Bizkaikoak berriz, Urkiolarantz egiten du.
Eta bira bakoitzak zenbateko luzera du guztira?
Gipuzkoak ia 300 kilometro ditu eta Bizkaikoak apur bat gutxiago, baina antzera… 284 bat kilometro.
Nor egiten da bideok kudeatzearen kargu?
Federazioak dira bide horiek homologatzen dituztenak eta teorian diputazioak dira haien mantenurako dirua jarri behar dutenak. Gipuzkoaren kasuan, federazioak hitzarmen bat du Aldundiarekin eta hor jasotzen dugun laguntzaren truke geu egiten gara mantenuaren kargu.
Zer suposatzen du mantentze lan horrek?
Urtean pare bat aldiz bakarren bat joan behar izaten dela erremintak hartu eta bide haiek garbitzera. Inguruotan alde horretatik ez daukagu aparteko arazorik, baina kostaldean sasiak askoz ere bentaja handiagoa egiten du eta ez dira izaten gainera, oso bide garbiak. Lehen baserritarrak txoko guztietara heltzen ziren, baina momentu honetan inor gutxi dago horretarako eta ganadua ere ez dago lehen beste.
Aldundiak Gipuzkoa mendiz lotzeko asmoa omen du. Zer dakizu hortaz?
Nik ditudan berriengatik, Gipuzkoa lotzeko baino, herrialdean ditugun lau parke naturalak lotzeko sare bat sortzeko intentzioa da – Aizkorri, Aralar, Pagoeta eta Aiako harria-. Parke horietan bide batzuk daude eta ideia da, haien arteko lotura bat eginez, jendeari aukera ematea Gipuzkoan bertan ibilbide luzeak egiteko kanpora joan behar barik.
Lehen esan dudan bezala, turismoarekin lotutako Eusko Jaurlaritzako “Senderismo vs turismo” paketea ere badago, baina Euskadiko eliteko zidorrak sortu nahi dituzte; hor sartzen dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundiak. Lehen fase honetan jakitera eman dutenez, eliteko zidorren sare horretan herrialde bakoitzeko bira edo GR batzuk sartzeko asmoa dute.
Honetaz gain, Gipuzkoako Aldundiak nahi du bide batzuen ardura bere gain hartzea eta horretaz aparte daude, mankomunitateak edo herriak, beraienak kontsideratzen dituzten bideen mantentzeko ardura izango dutenak. Edozein promotorek izan dezake baita, bere bideak ateratzeko kapazitatea; esaterako, bakarren batek mendi-hotel bat badauka eta haren inguruan bide sare bat sortu nahi badu, bere kabuz mugitu daiteke.
Mendizale zaren aldetik zelan baloratzen duzu mendiko bide-sare hauek bultzatzea?
Bide hauetan ibiltzeko ez dago mendizale izan beharrik. Gipuzkoan 14.000 bat mendizale gara eta Austriak gainditzen bagaitu ere, Europa guztian ez dago Oñatitik Arrasatera dagoen beste mendizale. Kopuru altua da, baina gehienok zer egiten dugu? Besaiden bertan jende gehien mugitzen dutenak beteranoen irteerak izaten dira eta bidezidorrak dira irteera horietan urratzen direnak; Gipuzkoako bira, zezenaren bidea… ardo eta arrainen bidea ere badago orain… Mendi tontor batera joateko irteten zarenean ere kasu askotan homologatuta dauden bideak erabiltzen dituzu.
Beraz, pentsatzen dut bidezidorren sareena alde batera utzi ezin den zerbait dela. baina geuk beste planteamendu bat ere ari gara lantzen; hemendik lauzpabost urtetara espero dugu Gipuzkoako mendi guztietarako bideak GPSatuta izatea. Horrek ez du esan nahi, bide guzti horiek bidezidor moduan homologatu nahi ditugunik, baina mendizale giroan erreferentzi izan daitezen gura dugu.
Gazteetan ikusten al duzu garai batean mendira joateko zegoen beste zaletasun?
Duela 30 urte ez zeuden egun dauden beste aukera eta nolabait, mendira joatea ihesbide bat zen. Dena den, gaurko gazteria ere mendian badabilela esango nuke. Are gehiago, egun lehen baino jende gehiago ibiltzen da mendian eta edozein egunetan, edozein lekutan topatzen da jendea.
Egia da baita, denok mendi berdinetara igotzen garela… Pirinioetara begiratu besterik ez dago; 3000ko mordo bat daude, baina mendi mordo bat daude inork ez dituenak igotzen, nahiz eta ez diren besteak baino zailagoak.
Debagoienetik kanpora, zelan dago baso-bideak homologatzearen kontua?
Estatu mailan, Gipuzkoa izan zen lehenetarikoa katalanekin batera eta Arabarrak izango ziren lehen bidea markatu zutenak. Orokorrean, leku guztietan dago bideon homologatzearen gaia martxan eta Estatu guztian nahiko garatuta dago.
Europa mailan berriz, duela 140 urte hasi ziren Alemanian markak jartzen eta duela 60 jarri zen martxan Europan Ramblers’ Association (ERA) eta 2001ean martxa bat egin zen Estrasburgora oinez ibiltzea, bideak seinaleztatzea eta halakoak aldarrikatzeko. Hemendik urte bira Andaluzian izango dira jardunaldiak.
Hala ere, badirudi Europako herrialdeen artean kontraste handi samarra dagoela...
Senderismoa egiteko tradizioa Europa mailan hemen baino sustraituagoa dago, baina garapen eta dinamika aldetik Estatu mailan eta inguruotan Europa gainditzen dugu. Egungo errealitatea da, ERA asoziazioa zaharkituta dagoela eta eragin nahi da erakunde honek beste zenbait herrialdetan dagoen dinamika hartu dezan.
Aldaketak ari dira ematen funtzionamenduan eta baita aurrerapausoak ere; momentu honetan ERAn herrialde gehienak federazio estatalek ordezkatzen dituzte; salbuespenak Espainiar estatua – 8 autonomi erkidegotako federazioak eta federazio estatala ditu- eta Frantzia dira, estatalaz gain, 2 federazio autonomikorekin. 2008an Pyrénées-Atlantiques departamendukoak sartu dira berton - Euskal Herriko iparraldekoak- eta beraiekin harreman estuak ditugu.
Elkarrekin Pirinioetako bi aldeak mendiz lotzeko proiektu sendo bat darabilzue eskuartean.
Pirinioen puntatik puntara, Frantziako GRen eta geure aldeko bideen arteko loturak sortzeko lanean gabiltza. Gipuzkoan esaterako, Hendaia eta Endarlatsako pasoak daude prest eta denborarekin hor zubi bat egongo da oinezkoak pasa daitezen. Nafarrek beste 10-12 dituzte markatuta Aragoiko mugaraino.
Asmoa horixe da, mugaren alde batean eta bestean diren ibilbide luzeak elkarrekin lotzea, GRTak (Grandes recorridos transfronterizos) sortzeko. Oraindik oso gutxi daude zabalduta, baina martxan goaz. Gertatzen dena da, geu markatze lanetan mugaz bestaldekoak baino azkarrago gabiltzala… eta esaterako, guk Hendaiako zatia egina dugu, beste aldean “Sendero del litoral” delakoa dute, baina homologatu barik oraindik.
Etorkizunean, itsasotik itsasora Pirinio guztietan zehar 60 bat GRT egon daitezkeela kalkulatzen dugu. Dena den, 100 zenbaki ditugu gordeta, izan ere, Aragoi Nafarroa eta Gipuzkoa baino askoz zabalagoa da eta Katalunia Val d´Aranetik aurrera oso luzea da…