Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
Holakorik etxean baduzu kontaktatu Intxorta 1937rekin

Ganbara batean 80 urte egondako argazkia

Testua: Intxorta 1937 kultur elkartea / Argazkia: Intxorta elkarteak bidalia / 2019ko irailak 10, asteartea

 

Kolpe militarra hasi eta berehala, 1936ko uztailaren 21ean, Errepublikaren Defentsarako Arrasateko Batzordekoek 96 karlista mondrautar atxilotu zituzten. Biteri eskoletatik Bergarako seminariora eta handik Bilboko kartzeletara eraman zituzten.


Urtebete preso zeramatenean Bilbo matxinatuen esku erori zen eta denak Mondraura ekartzea erabaki zen.


Gerraren amaieran, Venezian, orla bat prestatu zuten preso hauen argazkiekin eta bakoitzari bana eman zieten.


80 urte geroago ganbara batean zegoen horietako orla bat gure eskuetara heldu da baina egoera txarrean.


Herrian, norbaitek argazki bera egoera onean izango balu Intxorta 1937 kultur elkartearekin harremanetan jar dadila eskertuko genioke.


OHARRA: Ganbaran halako dokumentuak, argazkiak, kartak… topatzen badituzu eta ez badakizu zer egin, ez bota mesedez, jarri gurekin harremanetan. Gure herriaren historia dira.

Intxorta 1937 kultur elkartea

 

 


Hainbat protagonisten hitzak:

 

Nikolas Uriarte, alkatea EAJkoa: "Uztailaren 21eko gauean, mutiko bat udaletxera etorri  zen, eta esan zidan Guardia Zibilaren Arrasateko postuko tenienteak herriko agindua eman ziola Unión Cerrajerako serenoari argiak itzaltzeko. Orduan, herriko argietako argindarra Unión Cerrajeratik zetorren. Serenoa deitu nuen telefonoz mutikoak esandakoa egia ote zen edo ez jakiteko, eta hark baietz erantzun zidan. Orduan, herriko argiak itzaltzeko agindua eman zuen ofizialari galdetu nion, baina hark ukatu egin zuen berak horrelakorik agindu izana. Berriro deitu nuen serenoa eta hark aurretik esandakoa baieztatu zidan.Gertatzen ari zenaren berri eman nien une hartan Eibarren kontzentratuta zeuden probintzia agintariei. Hurrengo goizean, kuarteleko bidea zeramaten laurehun gizon armatu ingurua gertu ziren herrian aurretik auto blindatuak zituztela".


Domingo Arzamendik karlistak zioen: "Mugimendua sortzean eta Arabarekin komunikazioa izatea lortzean, gure helburua zen Leintz gureganatzea. Zehaztuko ez ditugun hainbat arrazoik gure asmoak aurrera eramatea galarazi zuten".


Guillermo Lasagabaster, sozialistak: "Herriko enpresa nagusienetan (Unión Cerrajera, Elma, Industrial Mondragonesa, Roneo, Asam …) langileriaren gehiengoa ordezkatzen genuen bi erakunde demokratikoak UGT eta STV ziren. Herriaren jabe egin eta kartzelaratu egin genituen matxinatuekin bat zetozen Sindicato Católico Libreko kideak, karlistak eta erreketeak".


Jose Maria Uranga karlista atxilotuaren esanetan: "Ezkertiarrek eta nazionalistek menderatu zuten denboraldian, 96 karlista atxilotu zituzten. Hasieran, udal ziegetan eduki zituzten. Gero, Biteriko Eskolak egokitu eta hara eraman zituzten eta, handik, espetxe izateko prestatu zuten Bergarako Seminarioko etxabera. Arrasateko batzordearen eraginaren menpe izan ziren atxiloketen lehenengo aldian, Pablo Otaduy parrokiako sakristaua behin baino gehiagotan eraman zuten Kanpanzarrera, gauez, tratu txarrak ematera. Behin, fusilamendu simulazio bat ere egin zioten, abuztuaren 15etik 16rako gauean, presoetatik 14 Bergaratik Arratera (Eibar) eraman zituzten. 13k oso tratu txarrak eta torturak sufritu zituzten. Batzuek egunetan izan zituzten zauriak. Irailaren 19an, larunbata, iluntzean Bergaran preso ginenok Bilbora eraman gintuzten tren berezi batean eta, handik, Larrinagako kartzelara. Gora behera asko izan bagenituen ere, arrasatear guztiak bizirik itzuli ginen etxera, gurekin batera joan ziren Oñati eta Aramaiokoak ez bezala. Nazionalek Bilbo eta Bizkaia hartu ondoren, 1937ko ekainaren 16 eta uztail hasiera artean itzuli ginen. Atxilotuen artetik lehenenngo egunetan bi askatu zituzten, Luis Dolara apaiza Bilbon eta Lorenzo Uribechevarria Arrasaten.


Elias Olmedo, Dragones batailoiko milizianoak zioen: "Arrasatetik alde eginda gero, enteratu ginen matxinatuek mondrautar mordozka bat atxilo hartu zituztela. Celestino Uriartek orduan, Mondragora, eskutitza bidali zuen: Presoei ez egiteko ezer eskatuaz, Bilboko presoei ezer ez zitzaiela pasauko esanaz. Guk hitza bete genuen. Bilbon zeuden preso mondrautar guztiak bizirik etorri ziren".

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE