Erakusketa irailaren 8an inauguratuko da, asteazkena, eta 10era arte egongo da zabalik. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Debagoieneko Mankomunitatean, eta bertan Mikel Orobengoa, Koldo Azkoitia eta Angel Etxabe izan dira.
INEM-eko ordezkariek azpimarratzen dute langabezia-txartela berritzearen garrantzia. Bestalde, euren aurreikuspenen arabera Lan Erreformak “ez du eragin nabarmenik izango Arrasateko egunerokotasunean”.
Koldo Carrillo- 2009/11/22
Atzo estreinatu zuen Izaskun Murgia elkarte Lirikoak, musikan Arrasate Musikalek lagunduta, La Corte de Faraón zarzuela. Emanaldia Amaia Antzokian izan zen arratsaldeko 19:30etan eta urtero moduan, herriko jendearen arreta deitu zuen. Atzo arratsaldeko 16:00ak aldera, 30 eserleku besterik ez zeuden hutsik antzoki guztian, beste guztiak publikoak bete zituen. 19:00etarako jada, ikusi zitekeen ilara Amaia Antzokiaren sarreran eta inguruetan eta Izaskun Murgia elkarte Lirikoko taldekoek egindako lana ez zen alferrikakoa izan.
Hilabete asko eman dituzte urtero eskaintzen duten zarzuela obra prestatu eta entseatzen. Aurten, La Corte de Faraón obra aukeratu dute, Frankoren garaian debekatua izan zena. Obra “ezberdina, berritzailea, pikantea eta barre eragiteko” modukoa da Tere Gonzalez, zarzuelako zuzendari orokorraren hitzetan, eta kutsu hau gustagarri izan zitzaion publikoari. Izan ere, sexuak eta erotismoak obran zehar duten presentzia aipatzekoa da. Umoreaz nahastuta zenbait iradokizun eta konnotazio sexual barneratzen dituzte elkarrizketek eta kritika politikoa ere ez du faltan ikuskizunak.
Gainera, obra herriko jendeak antzeztua izaterakoan, publikoko guztiek edo gehienek ezagunen bat zeukaten antzezlekuan eta kuriosoa gerta dakioke norbaiti, lagun edo ezagun bat Egiptoko faraoien garaiko jantzi eta itxurekin ikustea. Horrela ba, obrako umorezko egoerekin eta hitz jokoekin oso ondo pasa zuen jendeak eta barre asko egin zuten guztiek ere. Jakina, La Corte de Faraón zarzuela amaitu zenean, publikoak txalo zaparrada handi batekin agurtu zituen antzezleak, lan bikaina egin baitzuten.
Obra hau 1910ean estreinatu zen Madrilen; Guillermo Perrin eta Miguel de los Palaciosek idatzi zuten eta musikaren konposatzailea Vicente Lleo da. Genero berezi bati dagokio obra hau, lehen aipatutako iradokizun eta konnotazio sexualek ezaugarritzen dituena. Obra, opereta bibliko bat da eta faraoien garaiko Egipton girotuta, Putifar generala, Jose esklaboa eta Lota gazte ederraren arteko istorioa kontatzen da modu umoretsuan.
Gogoratu, gaur ere izango dela La Corte de Faraón ikusteko aukera, eta azaroaren 27an 20:00etan eta 28an 19:30etan, emanaldia emango dute berriro ere.
Hauek dira obran parte hartzen dutenak:
Casto Jose- Mikel Izurrategi
Putifar Generala- Tomas Aspe
Erregina- Amaia Zubiria
Abadea- Iñaki Olaizola
Sul- Marian Agirre
Selha- Manu Gallardo
Ral- Susana Vazquez
Tar- Guren Gonzalez
Lota- Ruth Osinaga
Faraoi handia- Igor Gamboa
Raquel- Cristina Cubillo
Koparia- Josetxo Urrutia
Arikon- Javier Burgos
Seti- Luis Okina
Sel- Lorea Aramburu
Artemisa- Araceli Telletxea
Izaskun Murgia Elkarteko Abesbatza
Arrasate Musikaleko Orkestra
Izaskun Murgia Elkarteko Dantza Taldea
Orkestraren zuzendaria: Iker Olazabal
Eszena zuzendaria: Mertxe Salaberri
Elkarteko zuzendaria: Tere Gonzalez