Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
XXI. Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa Mojategin lehiatuko da
Hilaren 30ean irekiko ditu ateak XXI. Garagardo Azokak
Tradizioan bilakatu den ekimen honek bere 21. edizioa beteko du aurten, eta oraingo honetan ekimena maiatzaren 30a eta ekainaren 2a bitartean ospatuko da.

Testua eta kartela: Arrasate Rugby Taldea. Argazkia: MB artxiboa. 2019ko maiatzak 29, asteazkena.

 

Ekaina ate-joka daukagu jada eta, honekin batera eta ohikoa den moduan, Arrasate Errugbi Taldearen Garagardo Azoka eta Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa.  Tradizioan bilakatu den ekimen honek bere 21. edizioa beteko du aurten, eta oraingo honetan ekimena maiatzaren 30a eta ekainaren 2a bitartean ospatuko da.  Urtero legez, Herriko plazan instalatuko den karpan alemaniar jatorrizko produktuak dastatzeko aukera egongo da, baita era ezberdinetako garagardoekin egarria asetzeko ere. 

 

Zapatua izango da egunik mamitsuena, iaz bezala, aurten ere egun horretan klub zuri-moreak herritar guztientzako herri bazkaria antolatu baitu karpan bertan, menu paregabearekin:  paella, oilaskoa eta postrea.  Bertan parte hartu nahi dutenek karpan bertan 20 euroren truke salgai egongo diren tiketak erosi beharko dituzte.  Azpimarratu beharra dago, bazkariarekin batera, garagardo pitxarra edateko aukera egongo dela baita ere.  Zapatuan bertan ere, Nazioarteko Zazpinako Txapelketa izango da Mojategin; goizean beteranoen txanda izango da, eta seniorrena arratsaldean.

 

Aurtengo jaialdirako 2.190 litro garagardo eskatu dituzte klub zuri-moreko arduradunek, bost marka ezberdinetakoak.  Ohikoa den moduan, garagardoa pitxarretatik edango da; dena den, nahi duenak botilatxoak erosteko aukera ere izango du –ostegunean soilik-, litro laurdeneko 750 unitate eskatu baitituzte.  Aipatzekoa da, urtetik urtera eskaria handitu izanaren ondorioz, iaz bezala aurten ere alkoholik gabeko garagardoa pitxarretik zuzenean edateko aukera izango dela.  Edatekoa bakarrik ez, jatekoa ere egongo da, eta kasu honetan ere kantitate erraldoietan:  2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri ukondo eta 140 saltxitxa lata gertu ditu Arrasate Errugbi Taldeak.  Edari eta jaki hauek guztiak prestatu eta zerbitzatzeko klubeko kideak ibiliko dira jo eta su lanean Herriko plazako karpan.

 

Garagardo Azokak ostegunean –maiatzak 30- irekiko ditu ateak, arratsaldeko 18:00etan, eta erdiguneko zenbait tabernekin bat eginez, bertara gerturatzen direnek pintxopotearekin gozatzeko parada izango dute afari ordura arte.  Nahi duenak 1,50 euroren truke garagardo botila izango du eskuragai, eta horrekin batera patata minak zerbitzatuko dira.  Halere, eta urtero legez, karparen irekiera ofiziala Arrasateko Udaleko ordezkari politiko eta ekimeneko babesleekin batera egingo da.  Arratsaldeko 20:30eatik aurrera guztiak Arrasate Errugbi Taldeko kideekin batera elkartuko dira mahaiaren inguruan Azokari hasiera eman eta elkarrekin afaltzeko.  Musika ez da faltako, eta garagardo pitxar bakoitza 4,5 euroren truke eskuratu ahalko da.

 

Zertxobait lehenago, arratsaldeko 18:30eatik aurrera eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Herriko plazako karpan herri kirolak burutuko dira:  sokatira, zaku lasterketa, txingak eta artaburuen bilketa.  Parte-hartzaileen ekipo bakoitza 8 jokalariez osatuta egongo da, halere, modalitatearen arabera kopuru hori moldatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek.  Izen-ematea Mondragon Unibertsitatean edota Arrasate Errugbi Taldean egin beharra dago, eta egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da.  Izena ematen dutenen artean hainbat sari banatuko dira, eta txapeldun geratzen den taldeak afaria irabaziko du.

 

 

Zazpinako Txapelketa

 

Zalantza izpirik gabe, zapatua izango da Garagardo Azokaren egunik potoloena, orduantxe jokatuko baita XXI. Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa.  Aurreko urteetan bezala, partiduak Mojategin izango dira arratsalde partean.  Askoz jota 12 taldek eman ahalko dute izena, eta parte-hartzaile guztien zerrenda azken ordura arte ez da jakingo.  Aurten ere senior zein beterano mailako kategoriak egongo dira, eta azken hauek goiz partean egingo dute salto berdegunera.  

 

Txapelketa era aurreko edizioetako berdina izango da:  Aurre-faseko partiduek zazpi minutuko bi zati izango dituzte, garaipenek lau puntuko balioa izango dute eta berdinketek bi.  Finalerdietarako multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeak sailkatuko dira, eta kanporaketa hauetan partiduetako zati bakoitza 10 minutukoa izango da.  Ohikoa den moduan, sari banaketa gaueko 21:00etatik aurrera egingo da Herriko plazako karpan, eta parte hartzaile guztiek elkarrekin afalduko dute bertan.

 (id: 1860607)

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE